Mendekuak
Mendekuak
1987, ipuinak
116 orrialde
84-86766-00-1
azala: Joxean Muñoz
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
 

 

Jakinaren gainean

 

Probokatzaile bat, pistola ere aterea zuen. Beharbada denbora guti zeraman gure artean, urduri jarten zenetakoa izanen zen, oraindik heldu gabea alegia preso kontuzko bat eramateko. Utz iezadazue niri, akatu eginen dut hemen bertan arratoi zikin hau! Beharbada denekin egiten zuten parodia izan zitekeen. Lagunek ez zioten kasurik egin. Ezta berak ere orain, furgoiaren leihatilatik zemaika behatzen ziolarik. Laburra izan zen bidaia.

        Ez zuen inor ikusi, atzeko atetik sartuak ziren noski. Manotak kendu eta gela zabal batean sartu zuten. Bakarrik utzi zuten mahaiaren ostean zegoen neska gaztearekin, idazkaria itxuraz. Akne ugari batek itsusitzen zion aurpegia.

        Egin zizkioten guztiak kontatu zituen. Neskak abiada ikusgarrian egiten zuen makinaz. Detaile zehatzak kontatu zizkionean, hitzak gordetzeke, neska gorritu egin zen eta mahaiari beha entzun zion. Berria izanen zela pentsatu zuen, ohitua egon behar luke nazkagarrikeriak entzuten. Ukatu egin zituen akusazioak.

        Itxaron hemen, juezak ikusi behar du, esan zion, eta altxa egin zen barruko gelan sartzeko. Atea irekia utzi zuen. Ikusi egin behar, baina zer, nor? Orduan konturatu zen. Hura guztia pantomima hutsa zen, juezek ez zuten denborarik inor ikusteko, inorengatik arduratzeko. Preso politikoek —Peligrosidad Social zioen plakak— ez zuten juez baten behakoa merezi. Adineko gizon trajeatu bat ikusi zuen barruko pelan idazkariak emandako paperak eskuan zituela.

        Kartzelara! oihukatu zuen jueza behar zuenak, eta neskari itzuli zizkion paperak. Neska berarengana heldu zen triste. Atalburuan gelditua zen jueza. Baldintzarik gabeko prisioa, esan zion neskak apalik. Ez, ez zen giltzapera zeramatelakoz, bere amorrua bestelakoa zen, sakonagoa, duintasunaren muinetik zetorkion oldar erregarria. Behatu ere ez zion egin, zeinen erraza zen jueza izatea.

        Alkandora atera zuen galtzapetik, eta gorantz jaso zuen gerriz gorakoa erakutsiz, ikus ezazu juez jauna, nik ez diot gezurrik esan zure idazkariari, hemen duzu ikusi nahi izan ez duzuna, irakurri ere nahi izan ez duzuna. Juezak urrezko betaurrekoak kendu zituen eskuineko eskuaz barruko gelatik aurreratu gabe. Txaketaren ezkerreko manka zintzilik zuen, hutsa. Adinagatik, posiblea zen ideal baten defentsan galdutako besoa izatea. Tinbre hotsa entzun zen, eta guardiak sartu ziren.

        Hitz egin zenezake pixka bat zure aita eta izebekin, esan zion furgoian etorritako sarjentoak. Ez, ez farrerik egin, esan zion aitak eskua estutzen ziolarik. Betikoa, ongi ezagutzen zuen. Atzerago izebak zeuden, herriko elkarteko bi emakume, seguru berak zirela fruta pasa ziotenak, alkandora garbi bat zekarkioten, eta ogitarteko bat. Negarrez musukatu zuten. Atso haiek balio zuten... Kartzelara naramate, esan behar izan zion aitari, irrifarre hartan serenitatea erakutsi nahiz.

        Poliziek elkar kontrolatzen zuten kartzelan sartzerakoan. Paper asko pasa zioten elkarri furgoikoek eta bertakoek. Luze itxaron behar izan zuen. Tronpeta soinu bat entzun zuten. Hortxe usteldu beharko duk, esan zion probokatzaileak. Atea ireki zioten. Patio zabal eta luze bat zeukan aurrean, eta alboetako galerietan preso andanak barandiletan makurtuak. Baten batek txalo jo zuen. Animo oihuak egin zizkioten euskaraz. Bazekiten politikoa zela.

        Gela txipi batean sartu zuten. Ijito antza zuen funtzionari bat zegoen planila bat ezin beterik. Izena eman zionean, hara, hau da orduan ospetsu hori, kontuz ibili beharko dugu ihes egin ez diezagun. Betiko teatroa. Ezin du, gizarajoak, izena idatzi. Berak egin beharko, komisaldegian deklarazioa bezala, eta farre egiteko gogoak oinazezko keinu bat eragin dio ezpain ertzean. Kolore iluneko begiak. Gorpuzkera sendoa. Neurtu ere egin zuten. Zeharrez jarteko laminaren azpian. Perretxiko jangarriak eta pozointsuak bereizteko txartel bat bailitzan, inoiz ikusi ahal izanen zuen baino sudur mota gehiago zeukan marrazturik, izena azpian zutela. Nolako sudurra jarriko dut? Euskalduna, erantzun zion txartelari behatu ere gabe, eta funtzionaria, zintzo, makurtu egin zen idaztera.

        Ez zen oso zelda garbia egia esan hiru eguneko epe sanitarioa egiteko. Alkandora garbia eta ogitartekoa ohatzearen bazterrean utzi zituen, eta etzan egin zen artaz eta poliki. Begiak itxi zituen, eta laster hasi zen kartzelako azpi lanaren soinuak ikasten. Kanta urratu bat, kolpe jakin batzuk, kirrinkak, eta aldian behin atepetik sartzen zen euskarazko esaldiren bat...

        Ez zen batere gaizki egon egin zuena, nahiz eta komisaldegian ezer ez izenpetuak adieraz zezakeen benetakoak zirela salaketak. Baina jukutria polita izan zen. Uste ez bezala, ez ziren sobera haserretu izenpetu nahi ez zuela esan zienean, alferrik ari zirela tekleatzen. Sotanora jaitsi zuten. Dena apalez eta paper bilduz zegoen betea, lehen karlistadaz geroztikako susmagarri guztien fitxak zeuzkaten sobra ere. Bakarrik utzi zuten papera eta boligrafoarekin. Saia zaitez txukun xamarreko zerbait egiten, eta ez ditzagula bestelako metodoak erabili behar, ni behintzat ez naiz zale. Pistola txorkatila gainean zeraman, bokilan erretzen zuen. Komisaria zirudien. Ordu erdi barru itzuliko zirela.

        Aldi luze bat eman zuen zer egin ausnartzen, eta gogoetan murgildurik, ia ohartu gabetanik, idazten hasi zen, automatikoki, zirriborroka. Lehen folioa bete zuenean idatzitakoa irakurteari ekin zion. Erdialdeko hitz haiek iratzarri zuten: jakinaren gainean. Bai, jakinaren gainean etxetik irten zen gizon baten historia zen... Eta ohartzeke, euskaraz idazten hasia zen. Ez zen asko geldituko noski ordu erdirako, eta sukar batean folioak betetzeari eman zion, jakinaren gainearen gaineko ipuin hartaz.

        Irri egin zuen mendeku txipi hura gogoratuz, baina irriak besarkada mingarrian bildu zuen, eta ezpainak estutu zituen itotzeko. Pixkanaka, ozenago ilunabarrez, kartzelak ito ezin zituen kantu urratu bat, kolpe jakin haiek, kirrinka, bertso bat, zetozkion zoko eta zirrikitu guztietarik, solidaritatearen murmurioa.