Mendekuak
Mendekuak
1987, ipuinak
116 orrialde
84-86766-00-1
azala: Joxean Muñoz
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
 

 

Babarruna

 

Babarruna hainakoxe karetxa zeukan lepoan. Alkandora lotuta ere ageri zitzaion, ile artean borobil eta higuingarri, morea neguan eta gorriska udan. Babarruna esaten genion. Hila behar du honez gero. Gaiztoak ginen. Gazteak. Moro talde bat harrapatuta gasolinaz busti eta su eman genien Bermeon, kontatzen zuen Babarruna tenienteak toteltzen zen aldiro. Maiz toteltzen zen Babarruna. Lanbide latza zuen. Zutik aguantatu behar izaten dira betekadak, familiarik gabeko tabernari alarguna izanez geroz. Baina azken aldera, nik ezagutu nuelarik, arratsaldez bakarrik irekitzen zuen.

        Bizkaitarra zen, eta gure herri puta hartan gudari bakar bat ere ez zegoela aipatzen zigun maiz. Tira tira Babarruna, esaten zioten nire anaia zaharraren kuadrilakoek eta, konfiantzakoek. Hi, hi! Ni alemanak afusilatutakoa nauk! Hori erdaraz esaten zuen, nire anaia zaharraren kuadrilako inork ez baitzuen euskaraz egiten orduan, eta berak ere, Babarrunak, ez zuen egin nahi izaten. Ez zekiela esaten omen zioten, farre egiten omen zioten. «Hango moruen itxen dot nik, txarto» esaten zigun gazteoi. Guk galde egiten genion gerraz, eta orduan berotu egiten zen, bazekien jakin-mina genuela, eta hire aita bezalako traidore guztiek ahoa bete zingurri egon behar lukete aspaldian. Nik ez nuen aita defendatu nahi, baina Joxe, zuk nola dakizu, Bermeotik hona etorrita...? Eta hamar urte marina merkanten eginda, baina berdin duk, hi mukitzu alu bat besterik ez haiz eta. Gauza asko entzuten da tabernan. Baina, Joxe, zuk beti diozu herri honetan ez dagoela gudari bakar bat ere, nolatan dakizkizu traizioak! Gauza asko entzuten da tabernan. Herri puta honetan, egia esanen diat, txaketa aldatu nahi duen putakume asko. Eta besotik heltzen zidan. Ulertu? Eta berehala zai aspertuta oihuka ari zitzaion beste kuadrila bati zerbitzera abiatzen zen, oihuka bera ere.

        Legalizatzeko zegoenean, asanblada egin zen elkartean, zer egin behar litzatekeen aztertzeko. Zeremoniarena antolatu xamarra gelditu zen. Inork ez zekien nork jaso zezakeen ikurriña. Botorik gehienak, herriko preso izandakoek protagonismorik nahi ez zutenez, umeren batek, esku inuzenteren batek jasotzeko aldekoak ziren hasiera batean. Etorkizunaren eskua. Baina hor Nekane oso ongi egon zen. Hainbeste odol kostatako ikurriñak, borroka eta erresistentzia ordezkatuko zuen esku batek jasoa behar zuen. Eta denok baietz esan genuen. Herriko preso etorri berriek burua makurtu zuten. Gabrielek malkotan zituen begiak. Biharamunean segitzekotan gelditu ginen.

        Babarrunarenean afaldu genuen taldekoek, asanblada nola bideratu behar zen eztabaidatzeko. Neskek, eta batez ere Itziarren amak, etxean prestatutakoa afaldu, ez guk dirurik sobera eta ez Babarrunaren tabernak sukalderik. Baina herriko txokorik patxadatsuena berea.

        Kafeak eskatu genizkion, eta Babarrunak atea itxi eta gurekin jarri zen mahaian, eta beti bezala zer bilera ilegal ote genuen gure artean. Orduan Nekanek ateraldi zoragarri hura izan zuen. Begira Joxe, herri honetako asanblada subiranoak erabaki du, gaur arratsaldean bertan, zuk jaso behar duzula udaletxean ikurriña. Eta euskaraz esan zion, Nekanek menderatu berria zeukan batuan. Niri behintzat zoragarria iruditu zitzaidan.

        Babarruna altxa egin zen, eta munduan zehar kamarero ibilia zen merkantearen oleoaren pean zuen kafetera ostean ezkutatuta, ni ez, ni ez, ez al duzue guapoagoren bat lan horretarako. Orduan Xabik ironiaz behatu zion Nekaneri, baina niretzat zoragarri. Gau tristea izan genuen.

        Biharamonean bakandu egin ginen asanbladaratuak. Ez zen eztabaidarik sortu, denok geunden ados zaharren batek jaso behar lukeela, atzokoak eta gaurkoak bat eginik. Baina inork ez zuen izenik proposatzen. Ez dakit, Nekane amorratua zebilen baten bat aurkitu eta programa multikopiatzeko, eta Jauregi esan zuen. Zein Jauregi. Jauregi lokomotoran ibilitakoa, jubilatua. Xabik esan zuen hobeto zegoela Babarruna proposatzea baino, eta jubilatuen egoitzara joan ginen ia denok.

        Jauregi arratsaldero porroia aldamenean zuela kartetan jarduten zuen haietako bat zen. Nik ez nuen inoiz berarekin hitz egin, eta orduan entzun nion lehen aldiz. Beti zeukan adaska bat ezpainetan, Babarrunak babarruna lepoan bezala, horretxegatik egiten zitzaidan ezaguna. Eta berehalakoan esan zigun baietz. Nik edozer gauza, Jauregik erdaraz Babarrunak bezala, goiherriarra omen zen baina. Malatesta bataloikoa izana zen.

        Nekaneren amak etxean gordea zeukan. Txikiak berak emana ziola esan zigun. Zetazkoa zen. Gauean aldatu eta beste bat ipinteko esan zigun udaletxean, ez zuela galdu nahi, seguru zegoen gauean polizia etorri eta erre eginen zutela. Orain legalizatua dago ia, ama. Baina ez zuen galdu nahi. Etxean gordea edukitzeko, ama. Baina itzultzeko lehen bait lehen.

        Jauregi hantxe zegoen, alondigan zai, beti bezala gabardinadun, adaska bat ezpainetan, nik edozer gauza esanez alkohol lurrun batean. Non dago trapua. Xabik zehatz esan zion zer egin behar zuen, nola izanen zen zeremonia. Udaletxe aurrea herriko elkarte fotografikokoek hartua zeukaten. Bazetorren jendea. Orriak banatzen hasi nintzen, tristea izanen zen abesten hasi eta inork ez segitzea. Egia esan nork irakur zezakeen euskaraz gure herrian. Baina kanta ezagun xamarra egina zen ordurako, jaialdietan ez ezik irratian ere entzuten hasia zen. Mordoa neukan. Ez jende gehiena ibilten zuelako, baina plazatik hurbilean, eta Babarrunarenera jo nuen. Ale batzuk utziko nituen inguruko tabernetan. Polizia munizipal bat besterik ez zegoen barruan. Eman egin nien orri bana. Aizak hi, esan zidan erdaraz, zuek puta idearik ere ez herri honetan nor zer den, eta besotik heltzen zidala, «hori, Jauregi hori, hori ez dok inoz geuretarra ixan!». Nekane sartu zen. Etorteko, hasiak zirela. Mostradorean utzi nituen orriak, eta Nekanek besotik helduta kanpora neramala Hator Hator Euskadira entzun nuen zetorrela udaletxearen aurreko multzotik.