Aurkibidea
Aurkibidea
Ahotsak besterik ez du irauten
Zergatik isildu behar nuke?
Txoriak itsasertz urdinaren bila hegaldatu ziren.
Zerumuga bertikala da, zerumuga bertikala da
eta mugimendua ur-turrusta baten antzekoa
eta planeta argitsuak biraka dabiltza
gure ikusmen eremuan.
Lurra ugaritu egiten da goienetan
eta aire-putzuak lotune bihurtzen dira
eta paperezko zizareen garunak
atzeman ezin duen hedadura da eguna.
Zergatik isildu behar nuke?
Bidea bizitzako itsasontzien artetik doa.
Ilargiaren umetokiaren zoruak
zelula kutsatuak hilko ditu
eta eguna urratu osteko espazio kimikoan
ahotsak besterik ez du iraungo!
Denboraren partikulek
xurgatu egingo dute ahotsa.
Zergatik isildu behar nuke?
Zer ote da zingira bat,
gainbeheraren zomorroen haztegia ez bada?
Gorputegiko gogoetak
hildakoen buru puztuetatik irten ohi dira.
Koldarrak ilunean ezkutatzen du koldarkeria
eta labezomorroak… a!
Labezomorroek ere hitz egiten badute,
zergatik isildu behar nuke nik?
Berunezko letren elkarlanak ez du ezertarako balio.
Berunezko letren elkarlanak ez du
pentsaera erdipurdikoa salbatuko.
Ni zuhaitzen leinukoa naiz,
aire ustela arnastean gaixotu egiten naiz
eta hiltzear zegoen txoriak aholkatu zidan
gogoratzeko hegadaz.
Indar guztien xedea
eguzkiaren oinarri argira batzea da
eta argiaren adimenean sartzea.
Jakina, haize-errotak usteldu egiten dira.
Zergatik isildu behar nuke?
Nik galburu berdeak eradoskitzen ditut bularrekin.
Ahotsa, ahotsa, ahotsa besterik ez,
ibili dabilen uraren desira garbiaren ahotsa,
izar-euriaren ahotsa lurraren lorezilera jausten,
umekia eratzen deneko ahotsa
eta maitasunaren espiritu komunaren hedapena.
Ahotsak, ahotsak, ahotsak besterik ez du irauten.
Ipotxen lurraldean, neurketa-irizpidea
zero graduaren paraleloan dabil.
Zergatik isildu behar nuke?
Ni lau elementuen esanekoa naiz,
eta nire bihotzeko araudia idaztea
ez da itsuen gobernuaren zeregina.
Zer axola niri animalien marru ekina
haragiz batzen direnean?
Zer axola niri zizarearen higidura ezdeusa
okelaren zuloan?
Loreen leinukide izateak engaiatu nau bizitzarekin.
loreen leinukide izateak. Ba al dakizue zer den hori?