Nahigabea
Karun, neskatila baten ile endredatua bezala,
izurtu egiten da lurraren sorbalda biluzietan.
Eguzkia badoa eta gauaren bafada beroa
ibaiaren bular pilpiratsua jotzen ari da.
Nire begirada tinkotik urrun, hego ibarra
jausi da, laztanez mozkor, ilargiaren besartera.
Gauaren milaka begi distiratsu odoltsuak
amorante lañoen oheburuan dabiltza kukuka.
Kanaberadia isil dago lotan. Txori arrotz bat
intzirika tai gabe ilunpe ilunean.
Ilargitea oldartu zaio bidera, jakitearren
zerk jarri duen gaixoa izuaren erpeetan.
Palmondoen itzalak ibarrean dardaraka
gauerdiko haize kirri jolastiarekin.
Igelen korroka itunaren zalaparta
gaueko isiltasun misteriotsuan hoska.
Gauaren ederretik sorturiko gozaldi eroan,
zeu zaren amets urrutikoa ari da hurbiltzen.
Zure usaina, olatuak ibaian,
eta zure begiak pizten, itzaltzen.
Nire bihotz eria, irrika eta itxaropen,
apurtu egin zen, eta zuk nire ziegan lotu.
Zeure ibaian aldendu zinen, hemendik aparte,
oi, nire amodioaren ekaitzean etendako adarra.