Poesia kaiera
Poesia kaiera
Forugh Farrokhzad
itzulpena: Miren Agur Meabe
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-42-6
Forugh Farrokhzad
1934-1967
 
 

 

Bakardadearen tristura

 

Leihotik hara elurra ari du.

Leihotik hara elurra ari du.

Esku batek, nire bihotz isilean,

tristura ereiten dihardu.

 

Oi, elurra! Ilea urdindu zaizu

nire paraderoa ikusita.

Mara-mara ari zara nire erraietan, ai ene!

Ez, baina, nire hilobian.

 

Zuhaitz gazte hauskorrak legez,

dar-dar egiten dit arimak hotzez.

Bakardadearen izua etorri dator

nire bihotzaren sakonera.

 

Oi, eguzki izoztua! Oi, maitasuna!

Orain ez nauzu berotzen!

Bularra dut minaren basamortua.

Nahikotuta nago, amodioz unatua.

 

Zure pozaren lorea ere ihartu da,

oi, poesia, oi, deabrusa gezurtia,

eta azkenean, nire arima

amets mikatzetik esnatu da.

 

Bera eta gero, ez dut ezer topatu

txakur-ametsak besterik.

Bera eta gero, bilatu dudan oro

ez da lilura baten lilura baizik.

 

Jauna… Ireki apur batean

zure infernuko ateak!

Noiz arte gorde beharko dut kolkoan

zure infernuko suaren gosea?

 

Eguzki asko ikusi dut

bata bestearen atzetik etzaten.

Nire betiereko eguzki izoztua, ordea,

Hegoaldean ezkutatu zen!

 

Bera eta gero, zeren bila nabil?

Bera eta gero, zer aurki nezake?

Negar-malko hotz bat isurtzeko?

Hilobi epel bat atsedentzeko?

 

Leihotik hara elurra ari du.

Leihotik hara elurra ari du.

Esku batek, nire bihotz isilean,

tristura ereiten dihardu.