Utzitako etxea
Orain badakit bizipozak
utzi egin duela etxe hori.
Orain badakit mutiko bat
negarrez dela amagandik urrun.
Uneoro marrazten zait gogoan
ohe hotz huts baten irudia,
esku bat gorputz baten bila
alferrik, minez, hutsminez.
Ikusten dut sutondoan
gorputz makal baten itzala,
bizibakoak diruditen besoen geriza.
Harantzago, mutiko triste bat
inude zahar nekatuaren altzoan,
katilu-esnea iraulita tapizean.
Leihoa zabalik dago
eta loreak zimel itzalpean.
Atearen sorbaldara jausi da errezela
eta ontzian ura falta da.
Katua, begirada hotz gatzila,
hara-hona dabil mantso, astitsu.
Kandelak, bere azken sugarrean,
ezerezaren bidea hartu du.
Orain badakit bizipozak
utzi egin duela etxe hori.
Orain badakit mutiko bat
negarrez dela amagandik urrun.
Hala ere, nik, goibel eta burutik eginda
badiraut nire ametsaren ildoan.
Nire maite-lagun kutuna, poesia,
zurekin elkartzera noa.