Itzalen mundua
Gauean estrata umelean,
gure itzalek ihes egiten digute.
Baina maldan, gugandik urruti,
berriz hurbiltzen dira poliki
mahatsondoaren adarretan
hotz eta astun pausaturiko
ilargite zital hautsez betean.
Gauean estrata umelean,
lur usaintsu isilean,
gure itzal artegek elkar besarkatzen dute
bezperako ihintzez mozkorturiko loreen antzera.
Ahapeka kantatuko balituzte bezala, pozik,
gurekiko mesfidantzaz,
guk sekula kantatu ez genituen kantak,
gure bihotzen isileran
amorruz itotako kantuak.
Baina itzaletatik urrun,
haien maite-kontuekiko ezjakin,
haien batze-banatzeez ezaxola,
gure gorputz nekatuek, beren geldoan,
bizitza berregiten dute.
Gauean estrata umelean,
galdetzen diot neure buruari:
“Bizitzak gure itzaletatik hartzen ote du kolorea?
Edota gu geu ote gara geure itzalen itzal?”.
Oi, milaka arima herrari,
ilundegian inguratu nauzuenok,
esan, non da nire itzala?
“Izuaren argiak diz-diz egiten du
nire oihu mutuaren kristalean”.
Non da nire itzala?
Non da nire itzala?
Nik ez dut nahi
nire itzaletik aldendu istant batean ere.
Nik ez dut nahi
nire itzala nigandik urrun bideetan erortzerik,
edota abailtzerik, bidaztien oinazpietan,
astun eta nekaturik.
Zergatik topatu behar ditu ateak itxita,
bere izatearen bila dabilenean?
Zergatik igurtzi behar du nire itzalak
etxe bakoitzeko ate-hormen kontra?
Zergatik zapaldu behar ditu
etsi-etsian, lur hotz eta arrotzak?
Oi... oi, eguzkia, zergatik kentzen didazu albotik itzala?
Zeuri ari natzaizu galdez: zer da iluna, mina ala poza?
Gorputza zer da, kartzela edo lur askea?
Zer da gauaren beltza?
Zer arima ilunen itzala da gaua bera?
Zer dio berak? Zer dio berak?
Akituta, galduta, txundituta,
galdera amaigabeen bidean aurrera noa.