Poesia kaiera
Poesia kaiera
Forugh Farrokhzad
itzulpena: Miren Agur Meabe
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-42-6
Forugh Farrokhzad
1934-1967
 
 

 

Inoren antzik ez duen norbait

 

Amets egin dut norbait datorrela.

Amets egin dut izar gorri batekin,

eta tik dantzari batek hartu dizkit betazalak

eta nire zapatak pareka batu dira.

 

Itsutu nadila gezurra badiot.

Izar gorriarekin amets egin dut,

lotan ez nengoela.

 

Norbait etorriko da.

Norbait etorriko da.

Beste norbait,

hobea den norbait,

inoren antzik ez duen norbait,

ez duena aitaren antzik,

ez Ansiren, ez Yahyaren, ez amaren antzik.

 

Behar dugunaren antza du

eta handiagoa da etxegilearen etxeko zuhaitzak baino,

eta haren aurpegia argidunagoa da

Denboren Imamarena baino.

 

Ez dio beldurrik polizia-uniformea janztera eraman zuten

Seyed Javad-en anaiari,

eta ez dio beldurrik ezta Seyed Javad berari ere.

Berorrenak dira gure etxeko gela guztiak.

 

Baten bat etorriko da eta haren izena da amak

eguneroko bost otoitzak hasi eta amaitzean esaten duena:

Epaileen Epaile edo Sarien Sari.

 

Eta begiak itxita irakur ditzake

hirugarren mailako liburuko berba zail guztiak.

Eta gai da, erratu barik,

hogei milioiri mila milioi kentzeko.

Eta behar duen guztia

kreditupean eros dezake Seyed Javaden dendan.

Eta kapaz da Alaren kriseilua,

berdea zena, egunsentiko argia bezain berdea,

berriz pizteko meskitaren zeru gainean.

 

O...!

 

Zein ederra argitasuna!

Zein ederra argitasuna!

Eta nik zein gogoko nukeen

Yahyak gurdia edukitzea

eta olio-kriseilua

eta ni gurdian jesartzea

angurrien eta meloien artean

eta bueltaka ibiltzea Mohammediye plazan.

 

O...!

 

Zein ederra bueltak ematea plazan!

Zein ederra etxeko teilatuan lo egitea!

Zein ederra parke publikoetara joatea!

Zein ederra Pepsiren zaporea!

Zein ederra Fardin-en zinea!

Eta zenbat maite ditudan gauza on guztiak!

Eta zein gustukoa dudan Seyed Javaden alabari

iletik tira egitea!

 

Zergatik naiz hain txikia

eta kalean galtzen beti?

Zergatik aitak, txikia izan ez

eta kalean galtzen ez denak,

ez du ezer egiten nire ametsean ikusitakoa

lehenago etor dadin?

 

Eta zergatik ez du ezer egiten Koshtargah auzoko jendeak,

lorategiko lurra odolez zikin

eta etxeko urmaela odolez zikin

eta zapata-zolak ere odolez zikin edukita?

 

Zein alferra den neguko eguzkia!

 

Erratza pasatu dut terrazan

eta leihoetako kristalak ere garbitu ditut.

 

Aitak zergatik egiten du ametsetan

lo dagoenean ez besterik?

 

Norbait etorriko da.

Norbait etorriko da.

Bere bihotzean gurekin den norbait,

bere arnasan gurekin,

bere ahotsean gurekin.

Norbait ezin dena atxilotu,

eskuburdinaz lotu eta kartzelatu,

Yahyaren zuhaitz zaharraren azpian jaio

eta egunez egun hazten dena.

 

Norbait etorriko da

euritik, euri tanten hotsetik,

petunien murmuriotik.

Norbait etorriko da su artifizialen gauean

Toupkhânek auzoko zerutik.

 

Eta mahai-zapia zabalduko du

eta ogia banatuko du

eta Pepsi banatuko du

eta parke publikoa banatuko du

eta kukutxeztularen kontrako jarabea banatuko du

eta eskolan izena emateko eguna banatuko du

eta ospitalean ingresatzeko txandak banatuko ditu

eta gomazko botak banatuko ditu

eta Fardinen zinea banatuko du

eta Seyed Javaden alabaren zuhaitzak banatuko ditu

eta saldu ez den guztia banatuko du

eta bakoitzari geure partea emango digu.

 

Amets egin dut...