Alor hetsiko epika
Labirinto hutsaren minean,
hautsezko erakustetxea,
zazpi hil-askek hetsi dute
zure izenaren hezurtea,
maitea. Eraiki ditut
oraino, zazpi harresi,
zazpi ibaiez setiatu
hiriaren inguruan.
Estepako kalamuak
janzten gaitu, beldur
baten pare hedatu
guda arkua bezain zabal.
Sutik jalgi dut erre ez den
balategia. Eta, haratago,
aireak zazpi zerrailuz
lur mugak hesten ditu.
Ebaslea bezala bortxatu
dut ortzaiza. Su sakratua
konjuratu dut itsuki.
Eta zazpi bider zazpi
aldiz barne-mortuaren
pasaiak zeharkatzeko
izua garaitu dut. Ubiderik
gabe ibaiak trabeskatu ditut.
Dadoz dado, harrizko zazpi
Borobilen suntsitzeak
ez nau irabazle, heriotzaren
auzokide egin.
Zedarri gabeko bideetan
zazpi bide galdu ditut,
zazpi bider zazpitan salbatu
naiz, imana bainintza.
Hondarrean zazpi ateak
apurtu ditut eta zazpi
zorro hetsien urguilua,
zure laztantzeko. Inoiz.
Eta tinkatzen zintudala
uste nuenean, nire begien,
nire hatzen, umezurztegian
gatibatu nire odolaren gatza,
ukigabea, higatze iluneko
denboran errotik sartua,
bihotz soil bat aurkitu
nuen, nirea, baltsamatua.