Decapitacio-80
Homenatge a Pere Quart *
Guztiaz biluztu naiz
zure itxoiteko.
Etorkizuneko alfabetoaz
eta oskolaz.
Tintak isuri ditut
eta, engainu gabeko
keinu batez,
borobilean ebaki dut
eskema guztiaren burua.
* Pere Quart (1899-1986). Katalanezko poeta eta antzerkigile nagusietarik bat da. Lluis Llachek musikatu zituen haren poesia zenbait Corrandes d’exili kasu. Les decapitacions (1934) Pere Quarten lehen olerki bildumaren izenburua da, Maria Mercé Marçalek Heura bere alabaren sortzearen urte zenbakia eransten diola.
* * *
Zara eta ez zara. Eta besarkatzen zaitut, errenditua.
Maite zaitut urezko gorputz hori maite dudan moduan,
hausturarik gabeko zure kristalari moldatzen dela,
lur azpiko zintzur ahotsez ikaratzen doala.
Aintzirak zuretzat alde bikoitzekiko mirailak
nonahi barreiatzen ditu: ni naiz eta beste bat.
Eta zu ni zara, sakonenean irekiriko
Desira txikitxoa, ekiak gazuraren larrua edaten
duen eran, huntzostoak ilunpeak igotzen dituen
bezala, nigan hain eztiki bizitzen den parasitoa.
Tapaki zigilatua, sekretuaren antzera,
nire arrazoian ustekabeko tunelak zulatzen dituzu
zeinu-uharrez zabaltzen den ene bihotzarentzat.
Oraindik bost hilabete!, eta urte askotarako.
* * *
Sekulan ez da ohaide bakar bat ere
ferekatu didazun muturrera heltzen ausartu.
Barnetik kanpora, maite, uhinak senditzen ditut
eta hondartza egiten naiz, duna eta harkaitz.
Biharraz oroitzen naiz, ondareaz, arriskuaz
piztu eskuez, nire gonbidatua egin zintuen
atzoko itzalaren miraila sutsuaz,
zugan bizi naiz, zure zereginetan.
Nigan bizi zara, arruntasun hurbil batean
—gerraren aurpegia gatzarekin ezabatzen
duten lurraren ahotsei adi dagoen ura—
Entzuten duzu ekaitza altxatzen, bihotz prestua,
urguilua nitarik soltetzen den kai urruna?
Zugan handituz, itsasoa eta biok bat gara.