Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-37-1
Luigi Anselmi
1954, Bilbo
 
 

Herioari aitzi

 

Joan den aspaldian

herioaren armadak

soinaren dorre hauskorrak

setioan ezarri zituenetik

badakigu, ongi jakin ere,

ez daukagula irabazterik,

haren zaldiek jauzi eginen dutela

harresi deboilatuen gainetik,

leiho guztietan sua agertuko dela,

ke-mataza lodi eta zikinak,

laino beltza, gedarra...

Gero deus ez.

Eta halarik ere

gazteluko atzen zaindari akituek bezala

loari nekez eusten dioten geure begiak

itxaropenaren errautsaz igurzten ditugu

leihoetako beira lausotuak bailiran

eta mendi kasko urrunak

behin era berriz miatu

debaldetan,

bertatik ez baita

ez ikurrina, ez gudari

gure sokorri helduko.