Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-37-1
Luigi Anselmi
1954, Bilbo
 
 

 

                Lugete, o Veneres Cupidinesque,

                et quantum est hominum venustiorum

                                                      Cat., III

 

 

Ez dakit barruan eraman ohi nuen

poeta triste hura hil ez ote den...

Eta ez, otoi, barrerik egin

ene zalantza honi,

zeren poetak hiltzen direnean

inon ez baita ageri

gorpu ustelkorrik,

ez kiratsik zabaltzen...

Inork ez dio inori

doluminik erakusten; elizek

hutsik diraute, inork ez du esaten

haien alde otoitzik

laburrena ere.

 

Poetak hiltzen direnean

inolako zirrararik sentitzeke

darraio eguzkia ohiko bideari;

ilargiaren aurpegian

ez da, lipar batez ere, irria ezabatzen

eta, gehienez, urrun, oso urrun,

gauerdiko ortzi beltz hondargabean

inork ezin atzeman izartto ttipi bat

iraungi egiten da.

 

Bai, poetak guztien isilean

—soinean daramaten

giza larruaren isilean ere—

hil ohi dira...

Baina zenbaitetan,

gaurkoa bezalako

arrats euritsuetan, adibidez,

tristura izpi batek

jotzen die bihotza

eta berpizten ditu...

 

w1992