Sehaska kanta (1)
Amaiari
Egizu lo, laztana,
egizu lo lasai;
horretarako nauzu
zure ondoan ernai.
Ene begi zabalak
arranoak dira;
zure sehaska, berriz,
beraien habia.
Inguruan zelatan
dituzu ameskaitzak:
bele beltzak, kukuak
eta zapelatzak.
Baina arranoa erne
dagoen artean
ez dirade ausartuko
etortzen beleak,
ez zapelatz zakarrak,
ez kuku lapurrak.
Lasai zaitez, laztana,
ez egon beldurrak.