Gaueko orenik beltzena
Oihuka aritu gara
harpe izarreztatuan...
Debaldetan, ordea,
ezen soinu zorrotzak,
ahotik beharrirako
xendraren bihurguneetan
zelatan ari den bidelapurrak,
bertatik iragaiten
ziren ele gehienak
gupidarik gabe erail baititu.
Setiaturik ditugu beharriak,
setiaturik ezpain eta begiak,
desarratzear dauden kanoi gardenak
bertara destaturik...
Supituki jotzen du
gaueko orenik beltzena, adioak
eta musu mingotsak
trukatzeko garaia.
Eta kaleratzen gara,
kaleratzen gaituzte, hobe esanda,
godaletak husteko
astirik emateke.
Kale gorrian gaude bat-batean,
gau-amets eta iratzartze
supituaren arteko
muga mehea zeharkatu ondoren.
Urrunago eta hotzago oraingo izarrak.
Urrunago ere harpe honetako sabaia.
Gardenago airea.
Pixkana-pixkanaka
berpizten hasten dira ele hilak.
Kale-garbitzaileak
alferrikan ureztatu espaloian
hosto gabetuz doaz
lore zimelen antza
duten jende multzoak.
Eta bertze hostoak
hegan bakardaderantz
doazen biartean,
guk, gogor, irmo, tinko,
kirtenari eusten diogu,
azkenengo ostatura
aurrekoa ere azkena
eramango gaituen
haizearen aiduru...
w1988