Rhodas
cum suis uiuat ualeatque moechis,
quos simul complexa tenet trecentos,
nullum amat uere, sed identidem omnium
ilia rumpens
Cat., XI
Astelegun gorrietan ere
zure ondoan ahal banendi egon
ogiari estekatzen gaituzten
lokarriak hautsirik betikoz,
eta Ulisesek Ziklopearena iduri,
ahal banitza, amarruak medio,
kate-begi guziak deuseztatu,
desegin izterbegiak oro,
pintatuko nuke beltzez leihoa,
eta bortak zimentaz hertsiko;
bideak ezabatuko nituzke
paretako kartan eta gero
zokoan lo datzan telefonoa,
zakur otzan, goxo, zahar antzo,
askatuko nuke hedeak moztuz,
zure ondoan ahal banendi egon...
Zeren... zertako borta eta leihoa?
Telefona, bideak, zertako?
Zu izanen paisaia, lagun bakarra...
Nire bi esku hauek
zure soinaren xendretan barrena
galduko lirateke bozkarioz;
eta argirik gabeko gau minean ere,
zure izterren arteko borta hori
beti irekirik kausituko.