Proposamen poetikoa
Halabeharra krudela izan zen gurekin
poeta bihurtu ginduenean.
Poesia ez da futuroz kargaturiko harma bat,
beste Grabiel harek nahi zukeenez.
Futuroa gainera izan gaitezen serioak
polbora bustia da.
Ez dut gure fatu tristea zaildu nahi,
ofizio lagunok,
baina, hitz eder eta ez hain eder
ugari izkiriatu dugu,
ia denok egin dugu letraren bat
kantari famaturen batentzat,
denoi itzuli digute testuren bat
antologiaren baterako.
ia denok idatzi dugu enkarguz
bideo gidoi bat,
ia denoi eman digute sariren bat
lausengu eta guzi,
denok dugu gure latifundioa edo
minifundioa egunkarietan,
oroimin belak hazi eta mintzaira kaskabelak
jo ditugu eta, orain,
lore jokoen ondoren, zer iruditzen zaizue
poesia egiten hasten bagara?
w1995