Gauetako tren luze eta bustiak
«Horixe da, uste dut, bidaiak trenez egitearen
xarmarik nagusiena. Abiantzada hain da erreza
eta trena bera hain eragozpen tipia zeharkatzen
dituen paisaientzat, non, gure bihotza larreen
lasaitasun eta soseguaz betetzen bait da; eta
gure gorputza bagoi kateak aurrerantza daraman
artean, gure pentsamenduak jetsi egiten dira,
gogoaren arauera, estazio despopulatuetara...»
R.L. Stevenson, Ordered South
Gauetako tren luze eta bustiak distantzia eta denbora
nehurtu gabe doaz
estaziorik estazio: Aesland, Osinburg, Hirabianen...
Euria ari eta makinista lo doan artean
bigarreneko bagoian bidaiari klandestinoa leihoa
hertsi ezinik bustitzen da,
merkantzia bagoietan garia, marfila, sagarra,
posta zakuak ere bustitzen diren bezala.
Basamortua eta herbestea landare berde lez hazten dira
bidaiariaren baitan
behelainoz estaliriko hiria zeharkatzean. Hiriak
kazeten usainagatik ezagutzen omen dira,
larru errezeko andereak hurrengo kale kantoian bizi direla
abisatzen dute dendariek.
Je vám zima? Ano je mi zima
Estrategia hitzari darion odola kalkulatu gabe, irabazteaz
harrotu gabe, galeraz etsitu gabe,
lautadetan barrena doan harmadak erreboluzio sozialaren
banderak zabaltzen ditu.
Behelainoa, eta gero zakurrak begi humanoekin, eta gero
jendea zakurren bakardade eta tristurarekin.
Jak se máte? Dekuju mám se velmi dobre
Tren bakoitzean bidaiari klandestino bat doa
bere pasaporte faltsoarekin,
bere betaurreko faltsoekin, bere filosofia
liburu faltsoarekin,
eta artegatu egiten da trenak frenatzen duenean,
edozein ate zabaltzen denean...
Kdo jste? Kam jdete? Jak se jmenujete?
Eta neskamultil besarkatuak zubien gainean,
gezur antzeko
maitasunez: ai amodio samur eta zaila, zelan maitatu eta
zelan maitatuak izan ez dakitenentzat!
Afarirako okela, sagar busti eta melatua, gero
kafea hondar eta guzi.
Nora joan nahi duzue galdetuz dator funtzionarioa,
erantzunak bere libreta tipian apuntatzeko.
Estazioak eta egunak bata bestearen barruan galtzen:
horrela doa trenean ez doan jendearen bizitza.
w1987