Untzigintza
Txalupa bat egiteko, lehendabizi zura
aukeratu behar da
oihanean: gogorra, lehuna, usaintsua.
Artea edo haritza onak dira.
Untziolan gila jarri eta gilaren saihetsean
zuakerrak,
eta gilagaina, eta mastak, eta tostak, eta
brusola,
eta karela, eta ababor estriborreko toletak,
eta lema on bat.
Gero itsasoa asmatu beharko duzu, haize
olatuekin.
Orain askatu lokarriak, ebaki sokak, laga
untzia eskumenetik lekora.
Begiratu zelan hurrintzen den bazterretik
atako bandaruntz,
zelan hasi den oraindik harrapa dezakezunean
bere distantzia propioak nehurtzen.
Zelan doan uharrien artetik uhainekin buruka
gurma egunsenti arraroan.
Begira zelan galtzen den bezperako
ametsa bezala.
Baina untzia bakarrik jitoan uztea baino
hobe norbera untziratuez gero,
lehorrean zutik zabiltzanori oinik ez duen
egur puska horren gainera.
Mantsoa, errugabea, menekoa ematen duen itsasoa
boteretsua eta zitala ere izanen da,
norbera den guzia norberak egindako zoruan
jarriez gero...
Eta ez balitz egurrik, ez astilerorik,
ez gila trinkorik
haurrek bezala tolesturiko paperezko untzian ere
abia zaitezke.
(Bitakora moduan izkiriatzen ari zaren horri
horretan bertan).
w1990