Zaramalogia
«Kosmos delakoa, edozelan pilaturiko
zarama besterik ez da»
Heraklito Iluna
Zazpi zaborrontzi kale bazterrean
(zazpiak lerroz lerro)
taparik gabe, ahoa euliei zabal zabalik,
tripazain.
Auzo honetako andere gizonek ontziak
arretaz betetzen dituzte.
Hara hor gure soziologia material
eta sakonaren hondarrak,
boltsa astunetan edonondik eta
edonoiz datozen hondakin
enigmatikoak. Begira egiezu gorputz hutsoi,
zelan asebetetzen diren,
eta egin hiritarren behar intimoen
hitstoria.
Zarama ontziotan denetik, bizimodua
eta bere soberakinak,
antropologia artxiboan baino humanitateari
buruzko datu gehiago.
Hara hor botila hutsak, plastikoak
eta txatarrak,
saxofoi herdoildua, botika kadukatuak,
kaiola txori hilak,
zaramapean metano gas lehergarri bihurtuko
diren sein-painal desetxableak.
Zazpi zaborrontzi kale bazterrean
(zazpiak lerro-lerro).
Igarri metalezko ahoen mezua: ugarian
eta naharoan akabatuko gara,
dietak egin beharko ditugu gainbizitzeko
alde honetakoek,
bestaldekoak gosez egarriz eta euliz
hiltzen diren bitartean.
Hara hor katu beltza zarama gainean
eta heldu den agurea,
agure gaixo hori bidaiaren bat egiteko
oinetakoen xerka agian.
Zazpi zaborrontzi irensle kale bazterrean
(zazpiak lerro-lerro)
etorkizuneko estetika, joankizuneko etika
zibilizazioaren poetika formulatzen,
bota eta tirante fosforezenteekin datozen
langile beilegien zain,
astiro eta astun materia birrinduz heldu den
kamioiaren zain.
w1991