Minotauroarenak
Knok knok knok jo dit atea Minotauroak.
«Garagardorik?» galdetu dit
bere ohizko bisitaren atxakia lez, eta
hozkailuruntz noala
entzun dut: «Ezin diagu erretolika egiten
jarraitu».
Garagardo hotz bana mahai gainera atera
eta eseri garenean esan dit:
«Inork esan ez deuan gauza bat esanen deuat»
eta
idi begiz begiratu dit «ez diagu aberririk
aldean daramagunaz besterik,
bizitzeko nahi genuen aberria sortzeko
ahaleginean galdu diagu,
eta harrezkero ez diagu ez genuena
ez nahi genuena».
Minotauroa bere apatxei begira gelditu da
une batez:
«Harrezkero, itzuliez gero ere ez gaituk
ginenera itzuliko,
eta ez diagu nahi genuena ezagutuko,
herbestean ibiliko gaituk beti,
sustrairik gabe, haizea bezala». Beste
garagardo bana atera dudalarik
Minotauroak jarraitu du: «Ez gaituk bertakoak
inon izanen,
ez hangoak, ez hemengoak, gure eginak alferrik
galduko dituk nahinon,
izan geure baitakoak ere ez gaituk izanen,
mila harik honuntz harunzka bultzatuak,
ilusioarekin eta ilusiorik gabe, halabeharrez
egiten dugun ibilean».
Zutitu eta, aldegin orduko, erantsi du:
«Herbestean biziko gaituk edonon».
(Grekera zaharrez mintzatu zait eta nik, grekeraz
batere ez dakidanez gero, ondo ulertu diot).
w1994