Flash back
Geroztik
hainbat auzo
dira
hainbat kale hainbat
bidegurutze huts.
Geroztik eremuak,
baratze abandonatuak,
gaua. Iragarkiak zut
eta etzan
eta aidanez dizdir
karreteraren bi saihetsetan.
Hotza sabelaren
hodian.
Fite noa.
Zigarroa piztu.
Zu.
Itzalak itzalaren meneko.
Ezpain haiek
hain mantso eurituak.
Erre.
Kea biriketan erabili.
Perfume akre hura
zainak gihartzen dituena.
Sabel hartan inora ez
galdu nintzenekoa.
Zuk.
Bular herabeak, bular herabe iratzarriak.
Euria eta parabrisetako
eskobilak.
Hasperen eginez.
Egarriari zabaldu nintzaionean
ekaitz
sakon-
enak
harrotzen. Deitzen. Lehertzeraino
erakartzen.
Zu.
Euriaren kortina opakoa
belarrietan,
zigarroaren anestesia
eztarrian behera.
Hitz izatera heltzeko debekua zuten
hitzak esanez,
izenik gabe deika,
izuti.
Zu.
Zigarroa itzali,
zigarroa bota,
gaueko haizeari irekitako leihotik.
Txinparta
gorriak salto-
ka karretera zo-
lan hil-
ik.
w1992