Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-13-4
Manex Erdozaintzi-Etxart
1934, Oztibarre
1984, Tolosa
 
 

Hire soa dabilan...

 

Mendiak eta mendiak baino urrunago

hire soa dabilan haraindian

haraindiko zelai berdeen bila

ikerka hire soa dabilan mendien gailurra baino gorago

haraindiko zelai berdeetako loreen artetik

hea nonbait agertuko zaunanez igurikatzen dunana...

 

Hire soa, kezkati eta aspaldian logale, zelai lilluragarrietan

doan, txoriek kantua galdu duten eremuetan

ebaki diozkatelarik bederazka haritzak eta pagoak...

 

Mendiak  eta mendiak baino urrunago

haraindiko zelai berdeetan

dabilan hire soa, goibel eta ezin aspertua dabilan

gizarte legor honen barruan galdu baitzitzaunen

maite huenaren bihotza

bere etxalde ttipitik kanpo joatera bortxatu zutelarik

lanketa, herrestan, batetik bestera, lanketa

beti behardun eta zordun, umiliatua

lanketa, lanketa, herrestan, batetik bestera

ezinbizian amildua, higatua eta ondikotz

etsitua, ez jakin non, ixildu baitzitzaunan

maite huenaren intziria...

 

Hire soa beti doan, dabilan, zuhaitz itzalpeetan ikerka

mendiak eta mendiak baino urrunago

uste baitun zelai berdeetako loreen artetik

beharba agertuko zaukanala

maite dunanaren itxura meharra...

 

Eta beti uste baitun...

hire soa doan, dabilan, gizarte antzutu baten

itzalpeetan ikerka, goibel eta ezin aspertua

doan...

 

w 1976