Presuner ohiak
Hamalauekoak
Berrogoiekoak
Urtean behin
Edo bietan, berdin hiruetan
Nik ez dakit xuxen
Hamalaueko eta berrogoieko
Presuner ohiak
Biltzen dira...
zoko batean goititu
bandera histu baten gibeletik
zenbait urrats
meriatik elizalat
elizatik hil-harrietara
hil-harrietatik eskolara
zenbait urrats
eta oroitzen dira...
Deitu zituelakotz eta
Altxatu
Behin
Edo bietan, berdin hiruetan
Harmen hartzera
Frantziak!
Asteri hodeitsu bat zenez
Ala gaua zohardi zenez
Ala egun betea zenez...
Utzi behartu zitzaien
Etxea, herria,
Bezperan hasi mahasti haitzurtzea...
Joan behartu zitzaien kolera golkoan
Harmak bizkarrean
Frantziako lurraldeetan zeiharka...
Alemaniara!
Hamalauekoak
Berrogoiekoak
Urtean behin
Edo bietan, berdin hiruetan
Nork daki xuxen?
Hamalaueko eta berrogoieko
Presuner ohiek
Nigar egiten dute...
gaminet zoko batean goititu
xingola, medaila edo girgileria
papoan pollikiño emanik
etxetik merialat eta elizalat
elizatik hil-harrietara
hil-harrietatik eskolara
eskolatik ostatura
zenbat urrats holakoetan harat-hunat
eta elkarrekin oroitzen dira
Alemanian galdu lagunez...
Frantziak ez du axola!
Eraiki baititu herri guzietan
Oroit-harriak pruntki
Izen lerroez hornituak
Morts au champ d’honneur
Morts pour la Patrie
Morts pour la France
Hitz faltsu hauietaz gure herri hustuak
Ezazolki antzakatu baititu
Eta, hortxet, herbailduak, debalde utzi
Hamalaueko eta berrogoieko
Presuner ohiak...
zeren zeren
ez ote dakizu, Migeltxo?
bi gerla irabazi ditu gero
hamalauekoa eta berrogoiekoa
Alemaniari
Frantziak!
Frantziari ez zaio itsusi
Ez zaio sobera
1870.ean izan afruntu kolpea
Bi gerlaz xuritzea!
Eta presuner ohiek
Hamalauekoek eta berrogoiekoek
Ahanzten ikasi dute
Alemaniako gerletan
Bildu ahalgeak eta zauriak
Eta han gaindi ehortzi lagunak.
Bakar-bakarrik
Urtean behin edo bietan
Berdin hiruetan, noiz nola
Biltzen dira eta elkarretaratzen
Ahantzi behar ez den Frantzia mitoa
Zelebratzeko!
dena xingola, medaila eta girgileria
papoan pollikiño ixkilimatuak;
bandera bipiatu baten atzetik
doatzi, usaia banal baten urratsean
eta musika ixilean
doatzi meriatik elizalat
elizatik hil-harrietara
lore meta eta hitzaldi
behar direnak manatu bezala egitera
hil-harrietatik eskolara
eskolatik ostatura
eta etxera itzultzen dira erdi edanak
edo mozkorrak...
baina hortaz beste gauzetaz bezala
Frantziak ez du zer axolatzerik!
hirietan eta herrietan
bere monumentuak eta kurutzeak
pruntki eta plantan, neurriz eta edergailuz,
eraiki baititu:
Morts au champ d 'honneur
Morts pour la Patrie
Morts pour la France
Requiescant in pace
eta kito!
Alta ez ziren ez espantu gose
Eta gogoan aharrabide
Frantziak altxatu zituelarik
Eta Alemaniara igorri
Zalu-zalukara
70.ko bere afruntua garbitzeko.
Eta, Migeltxo,
Hau ere behar duk jakin
Ez baitauie eskolan aipatzen
Gure aitak eta osebak eta anaiak eta herritarrak
Ez zitukan ez
Gerlako haziak eta eginak
Gero, presuner ohi bilakatu dizkigutenak
Beren mendiak, ibarrak eta zelaiak utzirik
Eraman dizkigutenak
Asteri batez beharba
Edo gau batez ixilka, berdin egun argiz
Denak utzirik joan direnak
Ez zitukan ez besteak hiltzeko pentsamenduan ikasiak
Eta hutsik itzuli direnak
Beren lagunak hilik eta ahal zutelarik
Presan ehortzirik eta belauniko beti presan
Otoitz bat eginik beren lagun hileri
Ez zitukan ez hilak ehortzeko
Mestura eta taloz hazi izanak
Zauri minez etxeratzean
Beren lurraz erdi desjabetuak aurkitu direnak
Ez zitukan gerla egiteko sortuak
Ez eta ere nigarrez urteak iragaiteko
Eta intzirika
Urtean behin
Edo bietan, berdin hiruetan
Nik dakita zenbat aldiz?
Elkarretaratzen direnak
Urtetik urtera
Herioak beretu lagun ohiak
Kondatzeko!
Alemaniatik etxera itzuli ziren bezala
Bederazka doatzi
Bata bestearen ondotik
Herioak emeki emeki beretuak
Manex Etxexuri
Migel Eiherazaharreta
Domingo Larraun
Iturribeltzeko zangomotza
Estebe gazatua...
Bata bestearen ondotik
Doatzi eta elkarretatik
Berexten dira, hantxe hementxe
Beren ziloan etzaten dira
Bata bestearen ondotik
Ixiltzen dira...
Ez ziren gerlako eginak
Frantziako Erreinuak
Gerlari edo presuner ohi
Bere fantesian izendatzen dituenak
Eta bere xingola, medaila, girgileriekin
Kontsolatu nahi dituenak
14 aldiz eta 40 aldiz
Nik dakita zenbat aldiz
Bere hitz ederrekin engainatu dituenak
Eta herri batek ixil-ixila
Erreboltatzerik gabe
Bata bestearen ondotik
Ehortzi behar dituenak...
geroztik eta aintzina
presuner ohien zerrenda suntsitu ondoan
elizatean edo plaza nagusian
hor dagotzi tente-potente
oroit-harriak eta kurutzeak
izen lerro ixilak
behin eta anitzetan
bere mitoentzat Frantziak ezazolki
sakrifikatu jendalde eta herrialdeen
oroitgarri tristeak!
w 1961