Emazteki bat ene bizian
1
Oraino haurra nintzelarik
Bospasei urte, ez niakikek xuxen erran...
Udako arratsalde eder batean
Beroak samin joiten baitzuen
Otteka nindabilen, haurra jostetan.
Eta ikusi nikan pentze ordokian,
Putzundeko pentze hertsian
Belarka ari ziren hirur gizonen ondotik
Emazteki bat
Belar hundarren biltzen.
Otteka, haur bat jostetan
Puntzundeko pentze ordokian
Eta emazteki ttipi bat
Belar hundarren biltzen
Denborarik galdu gabe
Hirur gizonen ondotik:
Txapela buruan
Bokanesa lepoan
Izerdi trenpan.
Puntzundeko pentze maxelan
Haur bat irriz jostetan
Otteen ondotik arranguran
Eta hirur gizon serioski lanean
Belarra airatuz xixpen puntan
Eta emazteki bat haien ondotik
Belar hundarren biltzen
Ez hainbeste xahar
Ez hainbeste gazte
Baina ainitz akitua
Lanak eta penek higatua.
Hirur gizon azkar:
Gazteena orgen gainean;
Beste biak, zoin erneago, sahetsetatik
Xispatraka belar emaiten.
Eta beti, haien ondotik,
Emazteki ttipi hura:
Txapela buruan
Bokanesa lepoan
Izerdi trenpan
Belar hundarren biltzen.
Oroitzen nuk, emazteki horri
«Ama»
Nakola oihu egiten,
Gizon bati«Aita»
Beste bati «Enande»
Eta beste batzueri «Piarraño», «Anbroxi», «Agustin»
Erraiten nioten bezala,
Ez bainakien zendako!
Ez bainakien zer gisaz!
Oroitzen nuk, emazteki horri
«Ama»
Nakola beti erraiten,
Zuhaitz bati «Haritza»
Txakur bati «Nabri»
Behi bati «Adar-xaala»...
Erraiten nioten bezala,
Ez bainakien zendako!
Ez bainakien zer gisaz!
Alta senditzen nikan ez zela arras berdin!
Iguzkia mendi handien gibelean
Gorde orduko
Belarrak bildu ziteztean.
Arrestelua bizkarrean,
Urrats pizu batean,
«Ama» jin zitziakan ondoraino
Eta eskutik hartu nindikan:
«Hea haugi etxerat»erranez.
Otteak utzi nintikan
Amarekin etxerat joaiteko;
Amaren eskuan
Ene esku ttipia ezartzeko,
etxerat abian ginelarik
Ene begi ttipiekin
Petigora behatu niokan
Amaren aurpegi eztiari:
Txapela kendua zikan
Eta biloak ziozkan kopetaraino eroriak.
Orduan, lehen aldikotz
Ohartu nindukan Amaren begieri:
Bi begi argi,
Zeruko urdina baino urdinago.
Oh... lehen aldikotz
Ohartu nindukan Amaren ezpaineri:
Bi ezpain gorri,
Udako beroa baino beroago,
Eta biloek doi bat kukuturik
Bi beharri ñimiño
Bata zoin bestea baino ederrago!
2
Gaztarorat doi-doia heldua
Etxetik joan behartu izan zitziakan eskoletarat,
Diotenaz gain oraiko mendean
Ez dela jakitaterik gabe ibili behar!
Utzi nintikan ene etxekoak:
Ene Aita nigarretan,
Lagundu baininduen bideberriko xeheletaraino
Lagundu ixil-ixila bideberriraino
Bihotzean gordez bere pena izigarria.
Ene Aita gaixoa, bere gizon bihotzarekin
Iduri hetsia eta hain baitzuen zabala!
Iduri gogorra eta hain baitzuen beroa!
Aitaren bihotza bere semeentzat!
Aitaren bihotza bere umeentzat!
Bere beso idorretan finki tinkatu baininduen:
«Izan untsa, Mañes», erranez...
Eta egon baitzen bide gainean luzaz
Pauxaldeko bixkarrean
Ni arrunt gorde artino.
Utzi nikan bide gainean nigarretan
Lur hontako egoitzan
Gehiago besarkaturen ez dutana...
Lur hontako egoitzan
Gure alorretan lurrarekin borroka,
Gure Ostogian ot’epeiten,
Etxondoko bazterretan dailuka
Gehiago ikusiren ez dutana...
Lur hontako egoitzan
Zenbait hilabete etxetik urrun egon ondoan
Gilbelerat itzuliko naizen aldietan
Supazter txokoan, beroki
Gehiago elekaturen ez dutana...
Ene Aita gaixoa!
Ene Aita maitea!
Utzi nintikan ene etxekoak:
Ene Ama akitua nigarretan
Sukalde barnean
Ez baitzuen ene laguntzeko kuraierik.
Utzi ixil-ixila sukalde barnean...
Pott bat emanik ezpainetan
Ur benedikatuaz kurutzearen seinalea
Kopetan markaturik:
«Kasu bide horietan minartu gabe», erranez,
Eta bere nigarrez ene begiak garbituz...
Ene Ama gaixoa, bere emazte bihotzarekin
Deneri zabaldua eta hainbeste nihauri!
Deneri emana eta hainbeste nihauri!
Amaren bihotza bere semeentzat!
Amaren bihotza bere umeentzat!
Gau eta egun ene altxatzeko
Dena arrangura, dena nahigabe;
Gau eta egun ene hazteko
Dena urrats, dena eskukaldi
Lokartu orduko berriz jaiki behar;
Holaxet egun batetik besterat
Gauik ezagutu gabe...
Enetzat higatu duen bihotza!
Eta ni, haur ezazola, jakin ukan banu!
Baina nola zer nezakeen konpreni
Ama batek bere haurrarentzat
Duen Amodioan?
Betidanik betikotzat
Bere bihotzean maite ninduen
Nintzen bezala...
Ene Ama gaixoa!
Ene Ama maitea!
Amaren ezagutzeko
Nolazpait konprenitzeko
Behartu izan zitziakan
Etxekoak utzirik
Ene sor-herritik urrundu
Kanpotiarren amodio hotza senditu
Eta, erran-zaharrak dion bezala,
Kanpoko salda jastatu.
Amaren altzotik urrunduz geroztik
Zenbait denboraren buruan
Gau batez bakarrik nindagoela
Gogoa ilun gaueko ilunpe beltzean
Ikusi nikan, ez bainakike zer nola esplika,
Amets batean bezala,
Emazteki bat
Lehenago, haurrean, Putzundeko pentzean
Belar hundarrak biltzen
Ikusi nuen emazteki hura ber-bera.
Ene aintzinean xutik ziaukan.
Haren aintzinean xutik nindaukan.
Bere bi begiez ene bi begietan so egiten ziakan.
Ene bi begiez bere bi begietan so egiten niokan.
Eta biak ginauzkan gure bi begiez elkarri so:
Iduri elkar nihondik ezin ezagut;
Iduri elkar nihondiz ezin konpreni!
Ene aintzinean xutik ziaukan.
Beraren aintzinean xutik nindaukan.
Eta biak ginauzkan gure bi begiez elkarri so...
Oh... Emaztekiaren begietan
Miraila batean bezala
Ene bi begiak ikusi nintikan:
Bi begi argi
Zeruko urdina baino urdinago;
Berdin-berdina, ene begietan
Miraila batean bezala
Emaztekiak bere bi begiak ikusi zitezkean:
Bi begi argi
Zeruko urdina baino urdinago...
Emaztekiaren ondoraino hurrandu nindukan
Ezpainak ezarri haren ezpainetan;
Ene ondoraino hurrandurik
Ene ezpainetan senditu nintikan emaztekiaren ezpainak
Uda beroa baino beroago;
Elkarren ondoraino hurrandurik
Ezpainak ezpainetan
Bere ezpainetan senditu zitezkean emaztekiak ene ezpainak
Uda beroa baino beroago...
Orduan jatzartu bezala ninduka
Ezagutu bainuen lehengo emaztekia
Erran niokan:
«Ene Ama»
Oihartzunak ihardesten duen bezala
Amak ihardetsi ziakan:
«Ene haurra»!
3
Gaua argitu zukan enetzat
Eta bihotzean sartu bozkarioa
Hundarrean ezagutu bainuen
Kaskoz bezala bihotzez
«Nor» zen
Lehengo emazteki akitu hura:
Ene Ama!
Orduan bihotzeko bozkarioak
Jauziarazi ziakan nigarra burrustan
Begietan gaindika...
Amak besoetan hartu nindikan
Lehengo denboretan bezala,
Iratze metatik erortzen nintzelarik;
Bere altzoan pausatu zikan
Ene gazte gorputz gordina,
Bularraren kontra tinkatu
Ene buru iluna,
Bere hatsaz berotu
Ene aurpegi hoztua,
Eta bere begiez xukatu
Ene begi bustiak...
Nigar egin nikan
Burrustan nigar egin bozkarioz
Gau hartan ezagutu bainuen
Eta betikotz ezagutu eta konprenitu
Lehengo emazteki ttipitto hura
Ene Ama dela
Eta ni haren haurra
Haren sabeletik sortu umea
Haren haragitik moldatu haragia
Haren odoletik hazi odola...
4
Zenbait urteren buruan
Ene etxondorat
Itzuli nintzen batez...
Negua zukan: denbora iluna,
Mendi kasko, landa eta alorrak...
Elurraren pean.
Biloak beti beltxaun, matelak pollit,
Eriak iddor, zainak esku gainean ageri...
Ene Ama hatzeman nikan
Supazter xokoan
Su handi baten aintzinean
Berotzen ari.
Lehengo Ama,
Betiko Ama:
Bi gegi argi
Zeruko urdina baino urdinago;
Bi ezpain gorri
Udako beroa baino beroago;
Bi beharri ttipi
Bat zoin bestea baino ederrago
Bilo petan gorderik;
Eta bihotz bat
Nihongo gazte batena baino gazteago
Amodio fresko batez beti gainditua
Amodio iturri freskoa
Amaren bihotza!
w 1958