Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-08-8
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

Leiho irekiak

Zeru suntsituaren azpian itzartu ginen goiz batez

Ez zituzten lagunen bihotzak barreiatu gure atarte aurrean

Ez zituzten gure banderak urratu. Bere egin zituzten

      —Egin daiteke amets hiri honetan?—

Bazkalostean izan genuen dei bat dut akorduan, nola ginen galdezka

Ondo, esan genuen. Ez zuen inork hots egiten aspaldian, eta poztu egin ginen

Ez zen lehen aldia bihotzek horrenbeste pisatzen zigutena

Ez zen lehen aldia etxeko izkinen bila abiatzen ginena

Sukaldeko harraskapean sagu batek zura karraskatzen zuen

Haizeak urkiaren hosto beltzak zabaldu zituen egongelan

      —Egin daiteke amets hiri honetan?—

Inoiz ulertuko ez dudan zerbait esan zenidan:

Erantzuna berarekin zeraman galdera

Ekaitz aurreko karriketan izaten den usaina

Minari eta denborari buruzko zer edo zer erantzun nahi izan nizun

Baina belaunetaraino nuen orbelpean hondoratu nintzen

      —Egin daiteke amets hiri honetan?—

Garaipen txikien egunetan laztandu gogo gaituen ardo horrek beste nahi nuen bakardadea

Itzali egiten den argia, ixten den atea

 

Esadazu amets egin daitekeela hiri honetan

 

w1998