Nire eskualtasunaz bi hitz
Ni ez naiz Astiz kapitaina
Nigatik harrotu badituzue ere etxe guztiak errudun xerka
Ni ez naiz Harguindeguy jenerala
Nigatik ekarri badituzue ere hizpidera munduko deserriratuak
Nire eskuek ez dute pikanarik oratu
Nire begiek ez dute irteteko agindurik eman
Ez dute aginterik, ez dute zuzentzaren iparrik
Eta sinetsidazue, ez diot aberriari atzea eman nahi
Baina ez naiz Harguindeguy atxiloketa patrullak
Buenos Airesko etorbide hutsetara bidaltzen
Zaldi alderraien belaze behinola
Astiz zuena da Harguindeguy jenerala zuena da
Hamaika aldiz kontatu badiet neuk ere maite ditudanei
Badela neuri ere etxean kontatu bezala neuri ere
Gorde bezala eskuz esku ahopean babes emandako
Lurralde eder bat itsasoaz bestalde
Inoiz nahi dugunean ahal dugunean
Urrats lasaituz itzultzeko inoiz
Hil edo bizirik ostera ere gozo
Ezti jasoko gaituen lurralde ttiki bat
Baina ez esan zuetar bat naizenik, galdua betirako
Nire aberriak ez du itsas gainean irristatzen den hegazkinik
Esan ahoz aho hegazkinik ez izateagatik galdu ditugula
Beti galdu beharrekoak hamaika euzkadi eder
Nire aberriak ez du Mekanika Eskolarik armadarentzat
Ez du atxiloketa agindurik ez du argindar kablerik
Nire aberria traidore da, ihesi dabil
Ez du Belgrano 1144ko Euskal Etxean atsedenik hartzen
Urteak dira ez naizela aberkideen mahaietara eseri
Horregatik, ez esan ni ere Harguindeguy izan naitekeenik
Nire aberria urpean bizi da, ez daki igeri
Hogei milatik gora dago nire aberritik lehorra
Arrotz ditudan milaka aberkide ditudanak arrotz
Valeryren itsas hilarrietarik habitatuena
Izan ginenaren itzal, inoiz izanbakoaren geriza
Etorkizuneko umekiak ozeanoetan azalera ezin
Alferrik da, nire begiek ez dute itsasargirik biltzen
Eta aberkide arrotzak ditut lagun erorian
Horrela da, nire aberriak zailak ditu koordenadak
Horra gure lurraldearen argazkirik gozoena hemen
Urak ez dira gozoak beltz dira
Gauez botatzen gaituzte beti
Iluntasuna dardarka jartzen duen helikoptero hegalen hotsa
Eta uren astintze urduria gero, oihuak
Norbaiten birao bat
Marrazoen itzalak eta isiltasuna
Ez nazazue zuen biktima zerrendetan oroitu
Ez dut eskualdun izan nahi Astiz zen eskualduna
Harguindeguy jenerala zen eskualduna
Segi ezazue euren bila arren
Haiek ez dira gorrotoaren etxaldeetan bizi
Ez itzazue inoiz ere zeuen memoriatik egotz
w1998