Trumoiaren zain
Aspaldidanik zor zaigun udako lehen orduak behar dutenak
Belar moztu berriaren itzalera biltzen den arratsa
Auto baten hotsa, traktorea aldatsaren magalean geldia
Leihoa zabalik, trumoiaren zain geratzen naiz
Argi iheskorrak noiz pitzatuko hodeien pisua
Oinutsik, urduri ekiteko bere burua berdintzen duen bideari
Etxe barnean beti, urrats handiegi, presatuz
Mundu osoa goizalba baino lehen egiteko balego bezala
Auzoko azken etxeen atzean, umeen itzalak labainka ostentzen
dira
Kartoizko kaxak, arrama hautsiak, pintura pote hutsen garraioan
Elkarren orpotik doazen oihuak
Nonbaitetik hemen den trumoiaren ihesian
Pisua? Oroimenez baino astuntzen ez diren hondar arinak
Horrek behar du izan urduritzen nauen erantzuna
Ahantz ditzadan behingoz lurpera ezineko orainak
Ez da inoiz horrela izan
Beste zerbait ekarri gomutara: Rory Gallagher hil da
Bezperako izara bustiak
Sargoria eta lasaitasun beldurgarria
Begi hobiak lur palakadaz betetzen
Euriak gogoz busti gabeko zokorrak
Busot-eko egutera txilartuan
Ihesi malkarraren argia, traktorea itzal bihurtu da
Umeek utzi diote surik handienerako egurketari
Eta ortziari beha nagoela egin didate oihu beherakoan
Zaindu ondo!
Itzaltzera egin du bonbilak
Argiaren artegatasuna isiltasunean abailtzen
Lurra. Ez nau loak hartuko lurra dugun bitartean, diotsot Anari
Batanarekin nahasten den ostargiaren usaina
Zaudete lasai!
Ez nioke honelako baieztapenik egin behar
Lurra da krimenik handiena
Ez naiz inoiz beste bihotz bakar baten jabe izanen, eta badakit
Sinpleago. Haren begiek berbaroan ikasi dute behatzen
Ahantz ezazu begietan ekarritakoa diost
Hartzeko arnasa
Belar moztu berriaren indarra biriketan lehertzen
Traktorearen goldearena airean ildoa egiten
Lurpera ezinak garelakoa egin
Kamioi-hozkailuetan batera eta bestera
Gogoeten errepide haustuetan
Inork ezpainak bustitzeko ere gelditu gabe
Ez du euririk eginen, behatzen didan eragatik dakit
Argindarrezko zuhaitz dira
Inoren iraganetik erredizak zutoin etzanaren kontra
Garbigailu kaxa hutsen azpian
Aurpegirik gabeko txorimaloa masta muturrean
Arrats urratuaren zama sudur-mintzetan
Eta edertasun hura, ezin herrenago
Trumoiaren zain, sorbalda izerdituan beratzen den eskua
Mihuraz bezala janzten da zerua
Euririk ez, lurra
Entzun al duzu zer zarata ateratzen duen gure gainean?
Ez da ezer. Trumoia lehertu gabe joanen da
Egunen batean aitortuko dizut
Nire eskua zurera heldu ezinik
Umeak, zeruraino eginen den tontorra ez dadila busti
erregutzen elkarri
w1998