Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-03-7
Nemesio Etxaniz
1899, Azkoitia
1982, Donostia
 
 

Lizardi oroiz

I

ILUNPETIK ARGITARA

 

Itsasoak garratz ura,

animak aren mindura;

zure eriotzak piztu ninduan

euskal olerki mundura;

argatik nere lanak badute

kanposantuko tristura.

 

Zeru ertzetik ertzera

izarra doa galtzera;

ala jo zendun gure artean

sortu orduko ilunpera,

argi bizizko dizdiz laburrez

gora jasoaz euskera.

 

Oi, Parisko txolarrea!

Nun galdu dezu bidea?...

Eriotz deiak lainotua du

portu gaineko aidea;

naigabe minak itxia dauka

biotzetako atea.

 

Gure biziaren latza!

Oztu da otartxo utsa!

Aita alargunak biotzean du

alabaren eriotza;

ta ari jarraituaz, aterpe ordez,

utzi digu negar beltza.

 

Zeru azpia, izarrez;

zeru barrua, areago;

goi argiaren itxaropenak

egan narama aruntzago,

ekaitz orroak jaiotzen diran

alorrak baino gorago.

 

Amonak egin zun jira

Egun Aundiko argira;

Xabiertxoren Gabon negarrak

jo zuten bizi berrira;

aita ta ama etxekoekin

zeruetan batu dira.

 

 

 

II

OROI BIDETAN

 

Ames-min diat,

joan egunak

nere baitan berritzeko,

otaloreak negu ilean

nolatan zaitzen duan

elurtea ikusteko.

 

Elurpean lo

dagoen lurra,

ilobi aundia ote?...

Ire ezurrak betirauneko

arnasez iraun-azteko

maindirepea dala uste.

 

Orra pagoa

etsigaitz, bere

azken ostoak galtzeke;

ire oroipen maitagarriak

ala zirautek josiak...

Ai, gurekin baintzake!

          Oi, elurraren zuria!

Ire arpegi ilotzaren

iduri bizia!

 

***

 

Bizi berria

lotatik esna

zaiguk baso-mendietan.

Udaberria ezteietan dek;

sorgin lana norbaitek

egina dik zuaitzetan.

 

Or zegok ire

sagar lorea,

airea zuriz arrotzen...

Elur-maroak?... Pinpilinpauxak?...

Maitagarrien mamuxak?...

Orrela itukan amesten.

 

Zeruetan erne zaikan

argi berriaren antza

zetorrek lur azpitikan.

 

***

 

Eguzki sua

erretzen ari

dek gurdibideko larra.

Sasiak esker ona agertu dik

masusta lorez jantzirik

goitik datorkion garra.

 

Eskerrak ire

Baso Itzalari!

An ager zitzaidakan

ostope ilun azpian lerden

esku emanaz erregin baten

gisa bere etxe atakan.

 

Gogoan dik ark

irekin izan

zuen egonaldi ura;

ire alboan eseriz gero

aopekotan ain bero

gozatuz bion ardura.

 

Ai, maiteminduen itza!

Ta bai laburra izaten dala

berekin dakarren atsa!

 

***

 

Ondar gorritan

galdu nauk, lagun;

Udazkeneko bidetan

itsas ertzeko arkaitzak gorri

ageri dituk, izurri

erdoilak jota zainetan.

 

Zartzaroaren

oinatz baldarrak

jo dik etxeko atea.

Ego aizeak astindu dizkik

orbelak adarretatik...

Gainean dek negutea.

 

Ai, gure bera bearra!...

Odolean zetorkiguk

galduko gaituan arra!

 

III

GARAIPENA

 

Kanpai alaien otsa ari dek

dilin dalan...

Ogi berria gordea zegok

gari-balan...

 

Inularreko negarrak badik

ama gauaren azia;

oskarbiko izarretan

zetorrek egun berria.

Erniopean aldarrika dek

Urkizuko oroitarria.

Ire kopetak agerian dik

ilezkorren goi argia!


w  1963