Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Ilunaldi
Alboko pagadian
pago zaar bi;
besoak emanak dituzte
alkarri;
giroak narama
aruntz sarri.
Pagondoan apatx eginik,
buruak iluna dario;
inguruan aize epelak
lurrunean dakar erio.
Armiarma andrea alborago,
arilketan dabil;
euli ta xomorroak nai.
Argia txoratil,
begietan dabilkit ozka;
aizea, isil.
Pago besoak, eguzki aterpe,
oroiketari eman diote;
joan mendeak gaztearoa
il zuten. Biar... zer ote?
Alaxe elizpean oi dira
agure zaarrak kontu kontari,
beranduko astegun meza
entzun ondoren marmari.
Gerri lodi, zuztar zaintsu,
lur bati lotuak beti,
basoko praile bakarti,
pago zaar biak beren bakarra
aipatzen dute negarti.
Baina beerago, lagun bat
badute bakarrago
alargun basoan.
Pago bakarrak
ez du lagunik ondoan,
ta kontu zarrak itotzen
zaizkio kolkoan.
***
Lainoak lore bustiak
dakarzkidate.
Jaiki naiz pago ondotik,
gogoan neke.
Beti da munduan
norbait triste;
auzoan besteren bat
tristeago daite.
w 1955