Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-03-7
Nemesio Etxaniz
1899, Azkoitia
1982, Donostia
 
 

Gizon-erri

(Euskal Egaztiren azken zatia)

 

Nondik sortu aiz? Zer dakark?

Erri baten arnasa

igan elurtu dek.

Urte joanen amesa,

guraso zaarren mataza,

erio aizez eten zorian

genekusan negargarri.

Jaiki intzan arrigarri,

begietan sorgin argi,

gogoan ezkutu isil,

biotzean, erri osoa

ekarren irekin.

 

Ez uan bizi kezkarik,

ez intzalako gizon uts.

Gizon bakoitzak, bizi laburra,

laster dek lur azpian auts.

Baina i, gure erria intzan

aragi egina.

Argatik ire lurrina,

ez uan irekin galdu.

 

Aurrean aut gure mendien

orratz goietan. Lainoak,

ire usain ditek; egoak,

ire izena zekarrek.

Iparragirre! Zein Maitagarrik

soindu indukan?

 

Nongo aireak doinu biurtu au?

Zelai ta malkor,

ire soinuz pozkor;

ta gauaren etxe iluna

eresiz astundu dek.

 

Gernika! Aritza lege!

Ostro bakoitza, Euskal erriko

oitura burutua;

gure izate muinean

sakon errotua.

Sustraiak euskal lurrean

odoltzeraino sartuak dituk;

besoak zabal airean,

besarkada eskeinka

mundu osoari. Munka,

ire oinetan auzpez nauk.

 

Ago! Ez adi zapuztu

ur zikin nastuan.

Munduan,

izan adi aizena:

sendotasuna erroan

zuzentasuna gerrian

zintzotasuna buruan.

 

Agur, Iparragirre!

Orain oake pakean!

Lurrak ez dik iretzat

arrik.

Geroaren magalean,

iraupena dek oetzat.

Euskalerrian

bizirik

zebilek ire irudia.

 

I, ez aiz gizon, ez.

I aiz, gure erria!

 

w  1954