39 lore
39 lore
Amancay Gaztaņaga
Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak: Arrate Rodriguez Martin
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-75-4
Amancay Gaztaņaga
1980, Guayaquil
 
 

 

Bi munduak habitatzen dituztenak

 

 

MIA / DAFNE

 

      Ea ba, nondik hasi… Gogoratzen duzue Apolo? Ba hemen da berriz bueltan. Apolo, Eros eta Dafne jolasean ari ziren Apolok Erosi burla egin zionean, honek arkua eta geziak zituelako. Eros haserretu egin zen eta bi gezi jaurti zituen. Batek Apolo jo zuen eta besteak Dafne. Apolo momentu horretan erabat maiteminduta geratu zen emakumeaz. Dafnerengan, berriz, zauriak kontrako efektua izan zuen eta Apolok bere indar guztiekin gorrota zezan eragin zuen. Gogoratu brandya % 60an alkohola izan daitekeela.

      Apolo, emakume batengatik obsesionatuta berriz ere, Dafneren atzetik korrika hasi zen. Honek ez zuen Apolorekin oheratu nahi eta bere aitari, Peneo ibaiari, laguntza eskatu zion. Ibaiak baietz esan eta Dafne zuhaitz bihurtu zuen. Honela Dafne bortxatua izatetik salbatu zen. Baina ez zen gehiago Dafne izan.

      Apolok, oso triste ezin zuelako zuhaitz batekin txortan egin, hostoak hartu eta koroa bat egin zion bere buruari zuhaitzaren hostoekin, Dafne beti gertu sentitzeko.

      Lasai, gero beste emakume askorekin obsesionatu zen eta beste horrenbeste bortxatu zituen. Hori bai, koroatxoa beti buru gainean.

 

 

 

A / ANTIGONA

 

      Akatsik gabeko heroi femeninoa. Perfektua. Benetan borobila irten zitzaien pertsonaia hau. Indartsua, borrokatzailea, familia maite duena, anaia lurperatzea bere burua babestearen aurretik jarriko lukeena. Eta zuzena eta birjina, noski.

      Egun, plataformetan kontsumitzen dugun ia fikzio dena Antigonek protagonizatzen dute.

      Esan dizuet perfektua dela.