39 lore
39 lore
Amancay Gaztaņaga
Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak: Arrate Rodriguez Martin
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-75-4
Amancay Gaztaņaga
1980, Guayaquil
 
 

 

. Bederatzi

 

(Estrukturak biratzen jarraitzen du eta, honekin batera, baita lanean dauden emakumeek ere. Nausikak eta Erromak beraien artetik bidea egiten dute. Erroma aurretik doa, tartean behin biratu eta irribarre egiten dio Nausikari. Hau, Erromak lurrean uzten duen arrastoari begira dabil. Ondotik pasatzen zaizkien emakumeenaren berdina da.)

 

nausika: Nik ez dut arrastorik uzten…

 

erroma: Zer?

 

nausika: Ez dudala arrastorik uzten.

 

(Espazioa guztiz aldatu da. Metala zegoen tokian kristala besterik ez da geratu. Angelu zorrotzak.)

 

erroma: Kontuz! Orain isilik ibili behar dugu. Jarraitu niri eta ez hitz egin inorekin.

 

nausika: Bai…

 

erroma: Zerbait galdetzen badizute esan lanera etorri garela.

 

nausika: Bai…

 

(Gizon baten argazki erraldoi bat, espazio handi batean. Argazkiaren aurrean banku bat, bertan eserita zazpi emakume gizonari begira.)

 

nausika: Zer da hori?

 

erroma (ahopeka): Benetan galdu duzu burua, neska! Sam Heughan da!

 

(Nausikak argazkiari erreparatzen dio. Gizonak soina agerian du. Masailezurra tenk, giharrak sendo. Begirada tinko.)

 

nausika: Jainko bat da?

 

erroma: Bai, ez da ederra?

 

nausika: Ez dakit… zer egiten du hor?

 

erroma: Argazkiak?

 

nausika: Bai… zertarako dago hor?

 

erroma: Zuk begiratua izateko. Ez al da ederra bera begiratzea?

 

nausika: Ez dakit… ez du ezer egiten?

 

erroma: Ez.

 

nausika: Zergatik dago erdi biluzik?

 

erroma: Gustatzen zaizu?

 

nausika: Ez dakit…

 

(Erromak Nausika bankuan eserarazi du, emakumeek ez diote bista kentzen argazki erraldoiari.)

 

nausika: Zer gertatu zaie? Harrizkoak dirudite…

 

(Nausika bankutik altxatzen da, bizkor.)

 

erroma: Zer?

 

nausika: Uste dut zerbait gogoratu dudala… (Bere buruari) Suge baten irudia datorkit burura…

 

erroma: Jarrai dezagun!

 

(Espazioa aldatzen doa, geroz eta garbiagoa, aurrera jarraitzen duten heinean liskarrean dabilen norbaiten ahotsa presenteago egiten da. Espazioa handitzen da eta lehen hegan ikusi dugun ohe erraldoia agertzen da eszena erdian. paitxa baltza haur kanta bat abesten. Hainbat emakumek erdian dagoen figura bat inguratzen dute: akiles.)

 

akiles: Ez dut nahi ez dut nahi ez dut nahi ez dut nahi…

 

a ver cariņo zergatik ez duzu nahi

 

akiles: Ez zait gustatzen.

 

—ez zaio gustatzen

—ekarri beste bat

—eta hau?

 

(Akilesek kexuka jarraitzen du. Emakumeak alde batetik bestera: bat irteten da, alkandora bat ekartzen du, bestea dator zapatila batzuekin…)

 

—hau ere ez

—agian hau gehiago duzu gustuko

—edozer jantzita ere eder zaude

 

akiles: Ez dut nahi ez dut nahi ez dut nahi ez dut nahi…

 

(Paitxa Baltza kantuan.)

 

—Akiles

—Akiles handia

—Akiles ederra

—Akiles

—Akiles enpotradorea

 

(Akilesek, osatu gabeko izaki maskulinoak, ez gizona ez umea denak, emakumeetako bat jotzen du. Ekarri berri dioten alkandora loreduna jantzi eta bere harrokeria paseatzen du skate baten gainean. Ziztu bizian dabil gelan bisera atzera botata, galtza motzetan. Emakumeek Nausikaren eta Erromaren presentziari erreparatzen diote.)

 

(Erromari) iritsi zara

—ekarri azkar

—Akiles ederra

—Akiles handia

—Akiles enpotradorea

—hemen duzu zure gaurko oparia

 

(Emakumeek Erromari eskuetatik kentzen diote hondartzako hozkailu laranja, ireki eta Frigo Pie bat ateratzen dute bertatik. Kontu handiz Akilesengana inguratu eta honi ematen diote. Akiles skatearen gainean dabil orain izozkia jaten. Gustu handiz miazkatzen du. Skatea geratu eta bi neskengana gerturatzen da.)

 

akiles (Nausikari): Zergatik begiratzen dit honek tinko?

 

(Nausikak begirada lurrera.)

 

erroma: Barkatu, gaur ez da oso ongi aurkitzen.

 

(Akilesek Erromari masailak gogor heldu dizkio.)

 

akiles (Erroma tinko helduz): Eta horrelako norbait nire aurrera ekartzea okurritu zaizu?

 

nausika: Utz ezazu bakean!

 

(Nausikak Akilesi bultza, hau trakets lurrera erortzen da. Paitxa Baltza bat-batean isiltzen da. Akiles haur bat bezala negar zotinka hasten da. Beste emakume guztiak oso arduratuta Akilesengana gerturatzen dira. Paitxa Baltzak titia atera eta ahoan jartzen dio. Hau zurrupaka negar zotinka. Emakumeak Erromarengana gerturatzen dira.)

 

—zer egin duzu

—zitala

—puta zikina

—akabatu dezagun

 

erroma: Barka iezaiozue! Berak ez daki…

 

(Akiles negar zotinka bularra edaten. Emakumeek burua laztantzen diote.)

 

—nahikoa izan genuen atzo bat galtzearekin

—Maradona gizajoa

—atzo Maradona

—Maradona Akiles

—ezin dugu bat gehiago galdu

 

akiles (titia askatuz): Akabatu ezazue, moztu burua!

 

(Emakumeak bi neskengana gerturatzen hasten dira. Nausikak, Maradona izena entzun orduko, guztia oroitu du.)

 

nausika (emakumeei desafio eginez): Maradona? Maradona esan duzue? Badakit nor naizen, badakit zertara etorri naizen. Nausika naiz eta A bueltan eramatera nator. Eta zu ez zara jainko bat, zu ume bat zara, Frigo Pie bat jaten. Goazen, Erroma! Goazen hemendik!

 

(Korrika irteten dira biak. Emakumeen oihuak eta Akilesen negarrak atzean uzten dituzte. Espazioa aldatzen doa. Bateriajolearen eskumuturra arin dabil txastonean.)