Ezlekua habitatzen dutenak
AMA / MEDEA
Medea, Eetes Kolkidako erregearen eta Idia ninfaren alaba, emakume autonomo eta ezohikoa, garaiko prototipo idealaren aurkakoa. Greziarrek asko idatzi zuten bere herria galbidera eraman zuen sorgin honi buruz. Bere familia osoa hil omen zuen gizon baten atzetik ihes egiteko. Gizon hau Jason zen. Honi, Kolkida konkistatzen lagundu eta bi seme izan zituzten elkarrekin.
Brandy edaleek historian zehar obsesio berezi bat izan dute emakume honekin, eta gehien errepresentatua izan diren emakumeen Top 10ean aurkitzen da. Margo, testu, olerki, istorio asko idatzi dituzte: Medea zitala, Medea basa, Medea sorgina, sentsuala, mendekuzalea, hiltzailea… fikzioak horrela ekarri digu behin eta berriz. Baina oso gutxitan ama bezala.
Zergatik ez da egokia Medea ama ere badela gogoraraztea? Bere semeak hil zituelako? Zergatik hil zituen? Semeak hiltzen badituzu ama izateari uzten diozu? Zerk eramaten du ama bat bere semeak hiltzera?
Sistemari ez zaiola komeni amatasunaren ideia erromantikoa eraistea, hori ebidentzia bat da. Baina zer da fikzioak amatasunaren inguruan eraiki duena? Eta ondorioz zer da ama izatea gure imajinario kolektiboan?
BABA / KLITEMNESTRA / BABA YAGA
Baba sortzeko, niretzat kuttunak diren bi pertsonaia izan ditut gogoan, biak ere begetarianismotik gutxi dutenak: Klitemnestra eta Baba Yaga.
Troiara iritsi baino lehen, Agamennon eta bere tropak Auliden geratu ziren ez aurrera ez atzera. Misioarekin jarraitu nahi bazuten Ifigenia sakrifikatzea zen bidea. Hau Klitemnestra eta Agamennonen alaba zen. Noski, Agamennonek ez zuen guda galdu nahi eta bere alaba engainuen bitartez irlara ekartzea lortu zuen, han sakrifikatua izateko. Agamennonek Troiako guda irabazi zuen, itzultzean bere emaztea Klitemnestra zain zuen. Honek Agamennon erail zuen. Greziarrek zioten bere gizonaren gorpuarekin salda egin eta hau afaltzen pasatzen zituela gauak.
Baba Yaga kultura eslaviarreko pertsonaia antropofago bat dugu. Basoan galduta duen etxetxora iristen bazara, berak agindutako lan guztiak burutzeko aholkua emango nizuke, nahiz eta hauek neketsuak izan. Egiten ez badituzu bere labean haragizko pastel goxo izaten amaitu dezakezu.
Grimm anaiek, nola ez, brandy edale sutsu haiek, emakume honen figura hartu eta sorgin gizajale basati bilakatu zuten Hansel eta Gretelen istorio ezagunean. Zergatik jaten zituen? Eta horrek zer axola du, emakume basatia zen, basoan bizi zena… Arrazoiak sobera daude beti Grimm anaientzat. Kultura eskandinaviarrean ordea, Baba Yagaren etxea, emakume etxe moduko bat da. Galdurik dauden emakumeak iristen dira bertara eta Baba Yagak jarririko lanei esker bidea aurkituko dute edo saiakeran hilko dira. Emakume honen etxea topatzea ez da erraza, ordea; oilo hanka batzuen gainean eraikita dago, eta inoiz ez omen da basoko toki berean egoten.
Esandakoa, Babarekin topatzen bazara, egin agindutakoa, zure onerako izango da eta.
JAZINTA / KASANDRA
Greziarrentzat “gizonak endredatzen zituena” edo “gizonen arreba”. Troiako erregina-errege Hekuba eta Priamoren alaba. Apolo obsesionatu omen zuen bere edertasunaz, eta hark, eroturik, opari bat egin zion: etorkizuneko gertaerak iragartzeko dohainaren jabe egin zuen. Baina Apolo ez zen Kasandraren edertasuna urrutitik ikustearekin konformatu eta berarekin oheratzea proposatu zion. Kasandrak ezetz.
Ezetzaren aurrean Apolok bi irteera posible ikusi zituen: emakumea bortxatu edo zigortu. Apolo kakati bat zen, nahiz eta jainko ahalguztidun bat izan, eta beldurra zion Ateneari, Kasandraren ahizpari. Apolok, ongi pentsatu ondoren, bi minutuz, Kasandrari ahora txistua jaurti eta lehen dohaina zena maldizio bihurtu zuen. Ordutik aurrera Kasandrak etorkizuneko gertaerak iragarriko zituen baina inork ez zion sinetsiko. Bere istorioa hain da unibertsala, konplexu ere bilakatu zela.
“Kasandraren konplexuak” genero femeninoaren ikusezintasunari egiten dio erreferentzia. Greziarrentzat menpekotasuna eta isiltasuna ziren emakumeen portaerarako bertute ofizialak.
Jazintak dena daki eta kromosoma estra baten jabe da. Jazintak dena daki baina inork ez dio ezer sinesten. Ikusleak jakin nahi duen guztia Jazintarenean gordea dago.