. Hamabi
(Eskuek egurrezko mahai handia kolpatzen dute. Alai. Mahaiaren bueltan, forma eta adin ezberdinetako hamabi gizon, jan-edanean. Batek oihu bat botatzen du eta besteek jarraitzen diote. )
—um blem ble!
—e!
—um blem ble!
—e!
—kopa hori!
—e!
—kopa hori!
—e!
—txirri aska
—txirri aska
—altxa
—altxa kopa hori
—ieu!
(Eskuetan dituzten kopak hustu eta berriz eseri dira mahaian, hipnotizaturik, mahai gainean hara eta hona dabilenari begira. Honek kontatuko duenaren zain. A emakume handia da, beltza, beltz-beltza, gaua bera baino beltzagoa. Bere bi begiek faroak dirudite eta ahoak berriz, ehunka hortzen jabe den ilargi erdi bat. Burua arrasean moztua. Botak. Galtza zabalak. Kamiseta mahuka-motz kakia estu geratzen zaio gerri bueltan. Mahai gainean dabil, hau eszenatokia balitz bezala, sortzen duen erakarpenaren jakitun. Ak badaki mahaiaren bueltan eserita daudenen maisulana dela bera. Idatzi duten onena. Pertsonaia perfektua. Bi munduen artean mugitu daitekeen emakumea. Ia-ia. Ia-ia. Ia-ia jainko bat.)
a: Sofokles, zu beti bezain fin.
(Guztiek barre. Batek eztula egiten du.)
a: Bete ezak kopa beldurrik gabe, motel!
(sofoklesek bere kopa betetzen du, beste gizonek atzetik jarraitzen diote.)
—non topatu zenituen
—hori non!
—amaiera kontatu gabe ezin gara geratu!
a: Jakin nahi duzue, e!
—ez izan gaiztoa
—kontatu!
—kontatu!
a: Eta trukean zer?
—zurienetan zuriena!
—hementxe moztua!
—kontatu!
—kontatu!
(Kokaina poltsatxoa erakutsi eta gizonek marra bat prestatzen diote. Ak biziki esnifatzen du mahai gaineko lerro zuzena.)
a: Bizio guztiak nire gain geratuko ote dira ba gaur gauean? Istorioaren amaierara iritsi nahi baduzue gehiago edan beharko duzue.
(Brandya barra-barra mahaian. Guztiek kopak betetzen dituzte. Eztul solteak entzuten dira. Gizonak jakin-minez.)
—esan!
—non zeuden?
—esan!
a: Paitxa Baltzaren gona azpian ezkutatuta!
(Guztiek barre. Oihu. Algara.)
a: Imajinatu beraien aurpegiak han topatu nituenean.
—ez da giro izango barrunbe horretan
—ez motel!
(Barreak eta eztulak.)
a: Erdi itota zeuden gizajoak. Baina edan, gizonak, edan! Hiriko brandyrik onena ekarri dut gaur zuentzat!
(a mahai gainean eseri da. Sofoklesen ondoan.)
a: Edan, gizona.
—nire obrarik ederrena zara badakizu?
a: (guztientzat) Meloso jartzen ari ote da?
(Barreak. Eztul gehiago. Ak kopa betetzen dio. Sofoklesek gustura edaten du.)
a: Kuriosoa da, azken finean plazer bat izan da zuretzat lan egitea, aita.
(Sofoklesek kopa mahai gainean uzten du eta eskuak eztarrira eramaten ditu. Eztulka. Itotzen ari da. Mahaiaren bueltan barreak eztul bilakatu dira. Gertatzen ari denaz jabetzen hasi dira batzuk eta a harrapatu nahian dabiltza trakets. A mahai gainean dabil, dantzari. Gizonen atzaparrak lasai saihesten.)
a: Maiteak, maiteak, kontrako eztarritik joan ote zaizue ba brandya? Ene! Nire ustetan onenetan onena ekarri dut eta. Lastima nik probatu ezin izatea….
(Eztulak amaitzen doaz. Isiltasun osoa. Ak poltsatxo zuria kentzen dio esku artetik bati. Mahaian tokia egin eta marra bat prestatzen du. Aspiratu. Garratz eta gozo. Zigarro bat biltzen hasten da.)
a: Ikusi zaituztet. Irten hortik.
(Bi neska gelaren beste aldean. Bata luzea eta ile gorria, kimono loreduna elegante darama gorputz gainean. Bigarrena txikiagoa, forma gabea, gelatina.)
a: Hauxe nire maisu lana. Segi, segi beste jainkoak ohartaraztera. Iristen direnerako ez naiz hemen izango.
(Zupada bat ematen dio zigarroari, poliki, mahaitik irteerara doan bidean.)
a: Oraindik hor? Ez duzue ezer esan behar? Guztiak akabatu ditut. Ondo akabatu ere.
(Bi neskak gerturatu egiten zaizkio. Ak aurrera jarraitzen du hauei jaramonik egin gabe, gelatik irten da. Bi neskak atzetik. a hiriko kaleetan galdu da. Bi neskak atzetik. Espazioa aldatzen doa. Espazioa aldatzen doa. Bi neskak atzetik. Hiria den estruktura biraka, bide luzea egiten dute. a lasai, zigarroa amaitu eta eskuak poltsikoan sartzen ditu. Tarteka atzera begiratu. Bi neskak segika. Espazioa ireki egin da. Han goian zuhaitz bat. Hiriko bakarra. Adar luzeenetik mia zintzilik, lepotik. Ibai ertzeko adarretan geratzen diren plastiko horietako bat dirudi. Zuri. Kulunka gozoan.