. Zazpi
(Periferia.
Bateriaren soinua bat batean isiltzen da. Nausikaren arnasestua bakarrik entzun dezakegu.)
baba / ama: Umea jada ez bada ume bat eta hirian sartu behar badu
hau da umea ez den umeak
jakin behar duena:
Periferia alde infinituak dituen poliedro bat da.
Ez du hasierarik ez amaierarik.
Baina,
hemen hasten da dena eta hemen amaitzen.
Zauria bera da irteera.
(Nausikak korrika, begiak itxita dator, baloia eskuetan. Estropezu egiten du emakume handi batekin. Honek bufalo bat dirudi edo zezen gizen bat. Sorbaldan zaku handi bat. Zakutik hari luze gorriak irteten dira. Bere ondoan beste bi emakume, dimentsio berdinekoak baina ezberdinak izaeran. Hirurak etengabeko mugimenduan. Batek hari luzea atera, besteak neurtu eta txirikordatu eta hirugarrenak moztu. Amaraun erraldoia, infinitua. Amaraunaren atzean hiria, bere osotasunean. Beraien inguruan ahuntz bat bekerekeka.)
ahizpa fatidikoak: Kontuz ume!
(Hirurak etengabeko mugimenduan.)
ahizpa fatidikoak:
Heldu hau.
Txirikordatu bestea.
Moztu azkena.
Heldu.
Txirikordatu.
Moztu.
Txirikordatu.
Moztu.
Txirikordatu.
Heldu.
Moztu azkena.
Txirikordatu bestea.
Heldu hau.
(Nausika arnasestuka. Hiriaren isla, amaraun erraldoiaren atzean. ahizpa fatidikoak ehuntze lanetan. Ahuntzak burua jarri dio esku gainean Nausikari. Honek ahuntza laztantzen du. Animaliak bekereke.)
nausika: Ez dut ulertzen.
ahizpa fatidikoak: Ez duzu ulertu behar.
Heldu hau.
Txirikordatu bestea.
Moztu azkena.
Heldu.
Txirikordatu.
Moztu.
Hau da amaiera. Hasierarena.
(Ahuntzak bekereke.)
nausika: Ez da logikoa.
ahizpa fatidikoak: Gu ez gara ezer, ez gara inor. Ez gara.
Heldu hau.
Txirikordatu bestea.
Moztu azkena.
Heldu.
Txirikordatu.
Moztu.
Zein da zure amaiera. Hasieraren amaiera.
(Ahuntzak bekereke.)
nausika: Ez dakit.
(Ahuntzak bekereke. Nausikak amaraunaren atzeko isla begiratzen du.)
nausika: Hiria. Hiria da nire hasiera.
(Ahuntzak bekereke.)
nausika: Nausika naiz eta hiria da nahi dudana.
ahizpa fatidikoak: Heldu hau.
Txirikordatu bestea.
Moztu azkena.
Heldu.
Txirikordatu.
Moztu.
Non duzu haria? Lotzen zaituena. Bizitzara.
nausika: Haria?
(Ahuntzak bekereke.)
nausika: Ez dut haririk… nola sar naiteke hirian?
ahizpa fatidikoak: Galdetu digu. Nola?
Heldu hau.
Txirikordatu bestea.
Moztu azkena.
Heldu.
Txirikordatu.
Moztu.
Erantzungo diogu. Zergatik?
nausika: A topatu behar dut.
(Ahuntzak bekereke. Ahizpak tokian geratzen dira seko.)
ahizpa fatidikoak: Gu ez gara ezer. Ez gara inor. Ez gara.
Heldu hau.
Txirikordatu bestea.
Moztu azkena.
Heldu.
Txirikordatu.
Moztu.
nausika: Mesedez.
ahizpa fatidikoak: Gu ez gara ezer.
nausika: Mesedez.
ahizpa fatidikoak: Nor zara zu?
nausika: Ni Nausika naiz.
ahizpa fatidikoak: Hori bakarrik?
Heldu hau.
Txirikordatu bestea.
Moztu azkena.
Heldu.
Txirikordatu.
Moztu.
Edozer izan zaitezke. Baina ez Nausika.
Esan ba. Zer izango zara hirira sartu ahal izateko?
nausika: Baina ni Nausika naiz. Arrastorik uzten ez duena. Ez dut beste ezer izan nahi.
(Hiru emakumeak Nausikarengana gerturatzen dira. Honek pauso bat atzera.)
ahizpa fatidikoak: Denok nahi dugu beste zerbait izan. Zuk esan zein den zure zauria eta guk esango dizugu nor den Nausika ez den hori. Non duzun haria. Lotzen zaituena. Bizitzara.
(Ahuntzak bekereke, Nausikari behatza miazkatzen dio.)
nausika: Nik…
(Ahuntzak bekereke.)
nausika: Nik… Maradona izan nahi dut.
ahizpa fatidikoak: Ongi. Zauria da irteera.
(Hiru emakumeek Nausika txirikordatzen dute. Sarean. Sarean. Lotu. Txirikordatu. Heldu. Moztu. Lotu. Txirikordatu. Heldu. Moztu. Lotu. Lotu. Lotu. Ahuntza bekerekeka. Baloia erortzen da Nausikaren eskuetatik. Nausika zintzilik dago airean. Beldarra kuskuan berriz jaio zain. Badoa baloia bueltaka ahuntzaren oinetara iritsi arte. Animalia baloiaren gainera igotzen da, ekilibrioan. Bekereke. Iluna.)