Hiria habitatzen dutenak
SIMONE / INANNA
Sumertarra, zaharrenetan zaharrena. Prostituten, zoriontasunaren eta euriaren jainkosa. Bizar luze batekin irudikatzen zuten, pertsonaia femeninoa izan arren, bere trazu maskulinoak goraipatzeko.
K.a.ko 1792. urtera arte, Babilonian, emakumeak eta gizonak parekidetasunean bizi zirela uste da. Jainkosa hau da berdintasun horren adierazgarri: lotsagabea, jolastia, basa, askea.
Fikzioak bere orrietatik ezabatu zuen, ez baitzen etsenplu ona eman zezakeen pertsonaia femeninoa. Azken finean, nori interesatzen zaio den bezala agertzen den emakume bat?
Inanna hartu dut Simone sortu ahal izateko, azken hau bezala, pertsonaia hau femeninoa delako, nahiz eta genero maskulinoari atxikitzen zaizkion atributuak izan.
ERROMA / ATENEA
Atenea zen Zeusen alaba kuttuna. Ez da gutxiagorako bere aitaren burutik jaio zela kontuan izaten badugu.
Prometeok aizkorakada bat eman zion Zeusi buruan eta Atenea bertatik irten zen gerrarako armatua, oihu izugarri bat eginez. Bai, horrela kontatu zuten, ez niri ezer esan, idatzita dagoena hemen berriz jartzen ari naiz soilik. Eta ez, ez ziren euskaldunak.
Kontua da, Zeusen alaba kuttuna izanda, aitak bete nahi edo betetzeko astirik ez zuen lanetara bidaltzen zuela jainkosa. Eta lehen ere ikusi dugu animaliekiko eta zigorrekiko erakutsi zuen fetitxismoa. Las lio pardas.
Noski, birjina zen (gogoratu aitaren burutik jaio zela) eta berehala bihurtu zen kastitatearen babesle sutsua. Tiresias gizajoa itsutu zuen, honek Atenea biluzik ikusi zuelako.
Gutxika-gutxika, armatua eta gerrarako prest jaio zen emakume horren irudia aldatzen zihoan fikzioan, leuntzen joanez. Zaintzan eta ehuntze lanetan ibiltzen ziren emakumeen patroi bilakatu zen arte.
Bai, badakit, ez bota niri errurik, esan dizuet lehen ere nik transkripzio lanak besterik ez ditudala egiten.
Nola bihurtzen da zaintzaile, gerrarako jaioa izan dena? Ba agian ez zelako politikoki oso zuzena emakume bati horrelako irudi bat ezartzea. Agian, beste emakume batzuk ere animatu eta bere bidea egitera bultzatuko zituelakoan, historiak leundu egin zuen Atenea, zaintzaile bihurtuz.
Pena, nik aitaren burutik hortzetaraino armatua jaio zen emakume hura gogoko nuen.
Esan beharra daukat, antzezlanean, Erromak egin beharrekoa egiten duela. Ez gehiago ez gutxiago. Kasu honetan, Nausika erail. Azken finean zer litzateke Erroma bere jainkorik gabe, Zeus gabe, honen burutik irten bada? Agian Zeus bera da Erroma, bere tentakulu bat. Domestikazioaren 2.0.a. Perfekzioa.
ZAHARRAK / GREAK
Hiru emakume zahar, batak besteari ipurdia garbitzera kondenatuak. Hiru, asko errepikatu den zenbakia. Hiru buru. Hiru sorgin. Greak zatarrak eta zaharrak dira. Horrela idatziak izan dira. Zitalak, liantak, gaiztoak. Hiru emakume zahar. Zer dira, ba, emakume zaharrak fikzioa sortzen duten brandy edaleentzat? Hutsaren hurrena edo… sorginak.
Greek beti liatzen dute gizonen bat, adibidez: Macbeth. Shakespearek idatzi zuen hura, badakizue, Macbeth garaiezina…. Garaiezina, hiru emakume zaharrekin mendi tontor batean topatu zen arte....
O! Macbeth gizajoa, emakume zital haiek burutzeko esaten diotena egiten amaitzen du. Izan ere horrelakoak gara gu, zenbat eta zaharragoak, orduan eta sorginagoak eta ikusezinagoak.
MADDI / PENTESILEA
Amazonen erregina. Beste hamabi amazonekin elkartu eta Troiara joan ziren. Guztiak erail zituzten. Mezua: gerra-gose den emakumeak zuloan amaitzen du. Hori bai, erizaina bazara ongi etorria izango zara. Armak hartzen badituzu… badakizu.
Pentesilea Akilesen beso gihartsu eta olioztatuetan hil zen, honek lantza bat bihotzean sartu ondoren. Amazona bere aurrean hilik zuela, Akiles erabat nahigabetu zen, ez baitzuen horrelako edertasunik zuen emakumerik ezagutu, inoiz… Pena, erail ez balu bikote zoragarria izango zatekeen beretzat. Bai, berriz ere brandy edaleak topera.
Kontuan izan, Akilesek urte pila bat egin zuela ezkutuan emakumez jantzita Troiara ez joateko. Baina, noski, Brad Pitt jartzen baduzu garaiko pelikularik arrakastatsuenetako batean zaila da Akilesen irudia ez zuritzea.
Niri, Akiles, gerrara ez joateko, emakumez jantzita ezkutuan bizi izan zen gizona bezala gogoratzea gustatzen zait. Badakit oso gutxitan irudikatu dutela horrela, baina nire imajinarioan hori da. Gizon hori horrela irudikatzeak lurra ematen dit.
PAITXA BALTZA / LAMINA
Limurtzailea, haurrak beldurtzen dituena. Gaiztoa. Munstroa. Ederregia. Gizonak erotu eta itotzen dituena. Ederra. Oso ederra. Zitala baina ederra. Kultura ezberdinetan modu ezberdinetara irudikatua izan da. Beti ederra. Ez fidagarria. Txolina. Abesten entzuten baduzu erotu egingo zara. Kontuz, gizon, Paitxa Baltzaren gona azpian amaitzea erraza da-eta, uste duzuna baino errazagoa.