. Hamaika
(Ikusle maitea, zer da zuretzat gorputz perfektu bat? Hori da maddi. Akiles negarrez utzi dugun gelara itzuli gara, Paitxa Baltza zegoen ohe handiaren gainean orain Maddi dago. Bakarrik. Biluzik. Urrunean festa baten oihartzuna: Paitxa Baltza abesten eta gizonen ahotsak. Maddi ederra da, bere azalak ez du inperfekziorik, leuna da. Ile luze horia motots batean jasoa du. Eszenako argiak zeharka jotzen du bere gorputza, ametsetakoa dirudi. Zer da zuretzat gorputz perfektu bat? Hori da Maddi. Olio pote bat du eskuetan, pote urdin bat. Ireki eta izpiliku usain gozoz bete da aretoa. Esku batean isuri du olioa, azazkal luzeak ditu, ongi zainduak. Atzo egin zioten manikura, zoragarria. Olioa parrastan erortzen da behatz artetik eta zetazko maindire arroxak zikindu ditu. Bi eskuak elkartu ditu Maddik, olioa nahastu eta bularretik hasi du automasajea, gero tripa, bi izterrak. Ohe gainean dago, brillante, gainean marmelada duen croissant egin berria dirudi. Maddi trebea da, ongi ezagutzen du bere gorputza, horrela sortu dute: bere gorputza ondo ezagutzen duen eta croissant distiratsu bat dirudien emakume perfektua bezala. Izterretan barrena gidatu du bere behatz abila eta klitoria ferekatzen duen bitartean, beste eskuarekin titiak igurzten ditu. Dantzaria dirudi baina ez da. Ez zuten dantzari izateko sortu, laztandua izateko sortu zuten Maddi. Tarteka behatza sartzen du baginan eta beste eskuarekin olio pote urdina gorputzean isuri egiten du. Nork garbituko ditu gero izara arrosa palo horiek? Zetaren gainetik orbanak kentzea ez da erraza. Baina hori berdin zaio Maddiri, bere lana ez da zeta garbitzea. Maddi gero eta azkarrago dabil bere gorputza ferekatzen, gora behera ezker eskuin behera gora behera arin arin arin. Absurdoa bilakatu da mugimendua. Maddi hiriko errebista guztietako portada da, Maddi erotikoa da, Maddi sentsuala da, Maddi sexuaren erregina da. Maddik ez du orgasmo bat izan 1955etik, baina hor dago bere gorputza ferekatzen, beste batzuek begiratua izan dadin. Maddi ez da inoiz korritzen, baina zuk baietz uste duzu perfektua delako, sexu makina. Momentu horretan Simone sartzen da gelan. Arnasestuka, Nausika dakar arrastaka.)
simone (ahopeka): Azkar! Lagundu igotzen.
(Maddik bere dantza absurdoa geratu eta Simoneri laguntzen dio. Oihu trakets bat igortzen du Nausikaren bihotza zeharkatzen duen labana ikustean.)
maddi: ¡Está muerta!
simone: Ayúdame. Todavía respira.
maddi: Pero, ¿cómo es posible?
simone: Es ella.
(Biak Nausikari begira.)
maddi: No me jodas, Simone, no me jodas. Joder, joder, joder, joder. Y qué quieres que haga yo, estos están al caer.
simone: Hay que hacer algo.
(Gizonen ahotsak gertu.)
maddi: Joder, joder, joder, joder, y... ¿qué hacemos?
simone: No sé.
maddi: ¡Arráncaselo!
simone: ¿Cómo voy a hacer eso?
maddi: Nena, ¡arráncaselo! Si ya no está muerta con ese pedazo de cuchillo clavado en el cuerpo… ¿qué más puedes hacer?
(Gizonen ahotsak gertu, Akiles goraipatzen dute. Simonek bi eskuak jarri ditu labanaren gainean. Indarrez tira egin. Labana bularretik irten da eta Nausikak arnasa sakon hartu du. Bizitzara bueltan. Paitxa Baltzaren ahotsak eszena bete du. Simonek Nausika ohe azpian sartzen du.)
simone (Nausikari): Itxaron hemen.
(Nausika ohe azpitik eszena ikusten. Gela gizonez bete da. Paitxa Baltzak abestiaren azken notak kantatzen ditu. Guztiek txalo. Nausikak emakume baten ahotsa entzuten du identifikatzen ez duen hizkuntza batean hitz egiten. Ahots leuna. Akilesen zapatilak bereizi ditzake dagoen tokitik. Emakumeak zerbait esan du, guztiek txalo. Akilesen zapatilak emakumearen oin hutsetara gerturatu dira. Ahots sakona duen gizon batek zerbait esan du eta Akilesengana beste oin batzuk gerturatu dira. Simonerenak. Nausikak gorputza mugitu du eszena hobeto ikusteko. Ahots leuna duen emakumea erdi biluzik dago, gorputza Akilesen sorbalda gainera erortzen utzi du. Gizonezko batek Simonek soinean duen kimonoa ireki du. Honen gorputza agerian geratu da. Gizonek barre. Ahots leuna duen emakumeak hizkuntza arraroan hitz egiten du. Akilesek kimonoari tira egin dio. Simoneren bularrak eta zakila agerian geratu dira. Gizonek barre. Batek bultza. Ahots leuna duen emakumeak zerbait esan du eta gizonak kantuan hasi dira. Honek kanpora irtetera gonbidatu ditu. Gizonek ahots leuna duen emakumea airean hartu eta badoaz. Isiltasuna. Simone sua da, bere ile kizkur gorrizka bezala. Simone malgua da, arina da. Kimonoa hartu eta bere gorputza bildu du laztan batean bezala. Gela hutsik dagoela begiratu eta Nausika ezkutuan dagoen tokira gerturatu da, eskua luzatu dio. Nausika ohe azpitik irteten da beldurturik.)
nausika: Zu berriz.
simone: Bizirik zaude! Nola da posible?
nausika: Ez gerturatu! Ez eman pauso bat gehiago.
simone: Ongi da, lasai, ez zaitut ukituko.
(Nausikak gorputzetik atera berri dioten labana ikusten du lurrean. Hartu egin du. Simoneri mehatxu.)
nausika: Ezta pauso bat gehiago ere.
simone: Ezin gara hemen geratu. Topatzen bazaituzte… benetan, ezin gara hemen geratu.
nausika: Zer egiten zenuen lehen, hiriko sarreran.
simone: Zu esnatzen ari nintzen, ez nuen Erromak zu nik baino lehen topatzerik nahi.
nausika: Zergatik. Esan!
simone: Amestu egin zaitut.
nausika: Zer zara, gizon bat?
simone: Ez.
nausika: Orduan zer zara? Esan!
simone: Simone.
(Nausikak bihotzaren erdian duen zuloari erreparatzen dio. Bi behatz sartzen ditu, harrizkoa. Labana eskuan.)
simone: Utzi laguntzen, mesedez.
nausika: Zergatik.
simone: Zintzilik, hari gorrien artean, zu.
Zintzilik, zauri barruan, zintzilik.
Bihotza hain dut hautsia,
dantzatzean kristal hotsa entzuten dudala. Esan zenidan.
Baita nik ere. Erantzun nizun.
Esan zenidan. Imajina ezazu munstro bat.
Ni naiz. Erantzun nizun.
Zu ni zara. Zatoz idatzi gabe dagoen horretara.
Eta nik baietz esan nizun.
(Nausika eta Simone elkarri begira geratzen dira. Gizonen ahotsak bueltan. Simonek Nausika eskutik heldu eta korrika irteten dira. Korrika doaz, hegan. Hiria lana da, kea da, emakumeen lan amaiezina da, biek korrika egiten dute.)
nausika: Itxaron! (Pausa) Arrunta naiz, Erromak arrazoi zuen. Ezin izan dut Amak eta Babak eskatutakoa bete. Arruntegia, sinpleegia. Begiratu, begiratu ondo. Ni ez naiz A, ez naiz. Hemen noa ezagutzen ez dudan norbaitekin ihesi. Nora? Ez. Ezin naiz joan. Ezin naiz joan. A topatu behar dut, baina nola? Ni neuk ere ez badut inoiz ikusi. Gezurra esan nien, Amari eta Babari, hirira etorri nahi nuen, Maradona ezagutu. Hiria nahi nuen, beste ezer baino gehiago. Gezurra esan nien. Iruzur bat naiz.
simone: Nik badakit nor den A.
nausika: (isilik)
simone: (isilik)
nausika: (isilik)
simone: (isilik)
nausika: Hori esan zidan azken pertsonak labana bat sartu zidan bihotzean.
(Simonek Nausikari begiratzen dio.)
nausika: Total… zer gehiago gertatu daiteke?
(Nausikak eskuan duen labana itxi eta poltsikoan gordetzen du.)
simone: Goazen!