39 lore
39 lore
Amancay Gaztaņaga
Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak: Arrate Rodriguez Martin
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-75-4
Amancay Gaztaņaga
1980, Guayaquil
 
 

 

. Bi

 

(Ezlekua.

Publikoak eszenatokia inguratzen du. Akzioa erdian. Ikusleek aktoreak ikusten dituzte, baita eszenaren beste aldean dauden ikusleak ere.

Paramo bat. Eguzkia ezkutatzen ari da. Emakume multzo bat ageri da. Urduri. Oso gertu, buru asko eta gorputz bakarreko animalia bat dirudite. Dragoia. Batak besteari zapalduz hitz egiten dute.)

 

—ez da iritsi

—ez

—ez

—iluntzen ari da

—ez da normala

—ezdanormala! (Ohiu egiten du)

—tuntuna

—ama mesedez

—tuntuna! (Ohiu egiten du)

—eta itzultzen ez badira?

—berak ez luke hori inoiz onartuko

—ezagutzen duzu

—ezagutzendugu! (Ohiu)

—tuntuna

—tuntuna

 

(Baloi baten soinua.)

 

—gelditzeko esan umeari

—geldi ume

—geldi! (Ohiu)

 

(Baloia geldirik.)

 

—ez dira ageri!

—noiz joan ziren?

—atzo gauean

—galbidera eramango gaitu!

—galbidera!

—esan nizuen

—berak eta bere ideia txoro horiek

—galbidera

—tuntuna

—tuntuna! (Ohiu egiten du)

 

(Baloiaren soinua.)

 

—esan gelditzeko umeari

—geldi ume

—geldi! (Ohiu)

 

(Baloia geldirik.)

 

—argirik ez da jada

—hau ez da ona

—ezdabatereona! (Ohiu)

—eta galdu badira?

—askotan egin du bide hori

—askotan?

—ezagutzen duzu!

—ezagutzendugu! (Ohiu)

—berak ondo daki bidea

—tuntuna

—ama mesedez

—joan egin behar zuen

—ezin izan du pasa

—pasa

—pasa!

—desira, monoa, mina, irrika pasa

—tuntuna

—ta bestea atzetik

—besteabetiatzetik! (Ohiu)

—tuntuna

—ama mesedez

 

(Dena ilundu da, errekorte batek argitzen ditu. Margo bat dirudite. Buru asko eta gorputz bakarreko animalia, dragoia.)

 

—listo, ez dira itzuliko

—listo

—listo bai

—listo! (Ohiu)

 

(Pertsonaia bat negarrez hasten da. Besteek jarraitzen diote. Minduriak. Guztiak mugimendu zirkular batean dantzan, oso gertu gertatzen diren arte, negar eta oihu egiten dute. Momentu batetik bestera bat-batean isiltzen dira. Neutro.)

 

—zuek zuengatik

       gu gugatik

                  zuek zuengatik

                        gu gugatik

                              zuek zuengatik

                                    gu gugatik.

 

(Isiltasunean pertsonaiak aldentzen doaz. babak amari besotik eusten dio. Amak buruarekin ezetz dio eta badoa. Baba bakarrik geratzen da. Baba emakume zaharra da, oso. Eskuak gurutzatzen ditu. Beherantz begira. Baloia pasatzen da eszenatokiko alde batetik bestera eta bere atzetik Nausika, emakume taldeko gazteena da. Baloiarekin dabil alde batetik bestera. Nausikaren gorputza gelatinazkoa balitz bezala mugitzen da eszenatokian. Haragi samurrekoa, zuria. Gelatina. Bibratu egiten du baloia hankekin jaso eta botatzen duen bakoitzean. Ez da abila, ezta traketsa ere. Hipnotikoa. Gelatina zuria. Baba isilik dago, geldirik. Zuhaitzarena dirudi bere azal lehorrak. Hauskorra eta sendoa. Sendoa dirudiena baina ukituz gero desegingo dena. Sendoa zena. Orain apurkorra den emakume zuhaitza. )

 

baba: Geldi ume.

 

(Nausika seko geratzen da, izkina batean. Baloiari begira, irrikaz. Babak beherantz begira jarraitzen du. Nausika bere ondoan jartzen da.)

 

baba: (isilik)

 

nausika: (isilik)

 

baba: (isilik)

 

nausika: (isilik)

 

baba: (isilik)

 

nausika: Haserre zaude, Baba?

 

baba: Ez.

 

nausika: Orduan?

 

baba: Triste nago.

 

nausika: Ez direlako berriz itzuliko. Baba, ez direlako berriz itzuliko, ezta?

 

baba: Hori da.

 

nausika: Baba.

 

baba: Zer.

 

nausika: Hilda daude?

 

baba: Hori ezin dizut erantzun.

 

nausika: Ezin didazu erantzun en plan gazteegia naizelako eta nire sentimenduak ez mintzeko edo en plan ez dakizulako.

 

baba: En plan… ez dakidalako. Salda berotzera noa.

 

nausika: Baba, nik ez dut uste bera harrapatzeko gai izan direnik. Mia igual bai, baina bera, ezinezkoa, ze bera da super handia ta indartsua ta azkarra ta beti dabil denei laguntzen ta igotzen da mendira bakarrik ta ez da otsoen beldur ta uste dut egun batean otso bat irten zitzaiola han paramoan ta berak beldurtu zuela irribarre bakar batekin ta ba al zenekien bere beso batean munduko indar guztia kontzentratzen dela ta ta ta ta ta ta ta ta…

 

(Baba poliki altxatzen da.)

 

baba: Ume, zuk ez duzu inoiz bera ikusi.

 

nausika: Ez.

 

(Baba ibiltzen hasten da oso poliki. Irristan dabilen barraskiloa dirudi.)

 

nausika: Baba, baina Jazintak bai, ikusi du, askotan, bere etxera sartzen han paramoan. Eta Jazintak esan dit, Baba, entzun, Jazintak esan dit Miaren atzetik joan dela maite duelako Mia. Hori horrela da, Baba?

 

baba: Jazintak asko esan dizu. Jazintarekin hitz egin beharko dut serio.

 

nausika: Baba. Nik badakit ez dela hil. Mia agian bai, baina bera ez, hemen sentitzen dut fuerte.

 

baba: Segi, ume.

 

nausika: Baba…

 

baba: Segi.

 

nausika: Ok.