Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Dueñasko txolarrea

 

Igande bazkalondo bateko kontuak dira. Preso gutxi daude lehen graduko moduluan, modulu arruntetan baino dezente gutxiago. Bazkaria banatu eta ia berehala ireki diote atea presoari. Zigorra ordaintzen ari denez, besteek bazkaldu eta siesta egiten duten denboran ateratzen dute patiora.

        Ekainaren hasieran gaude baina beroa nabarmentzen hasita dago Gaztelako lurrotan, eguzki erreak patioa itogarri bihurtzen du. Patio bazterreko itzalgunean hasi da paseatzen, begirada lurrean oin muturretatik hurbil duela. Ziegetako leihoak burdin-sarez itxita daude, boligrafoa igarotzeko baino zulo txikiagoak dituen burdin-txapa zulatuarekin itxita... Nahita ere ezin dizkio leihoetatik oilasko hezur, yogur pote huts edo antzekorik jaurti inork, eta lasai ibil daiteke leihoen pare tartean alde batetik bestera, hormatik hormara joan-etorrian.

        Lantzean behin burua jaso eta begirada goratzen du presoak, bere burutazioetan puntu eta aparte bat, puntu eta koma bat edo komatxo soil bat eginez bezala. Begirada jaso duen batean txolarrea ikusi du, patioa mugatzen duen paretaren gaineko kutxiladun alanbre kiribilatuan hankatik kateatuta, lau-bost metroko altueran. Hegoak astintzen ditu txolarreak, baina ezin da askatu. Bere ibilian patioan alde batera eta bestera beste bi-hiru joan-etorri egin ditu presoak.

        Txolarreak hor jarraitzen du hegoak astinduz. Ezin da askatu. Inguruei begi eman die presoak, erratz kirtenik edo antzekorik ez duela aurkituko ondo jakin arren. Baloiak ikusi ditu ordea, dozenerdi bat baloi bai! Kartzela guztietako elementu kulturizantea!

        Bere esku balego baloiaren kontzeptua gizakiaren memoriatik ezabatzea, arrastorik txikiena ere laga gabe desagertaraziko luke! Uste du burmuinaren osasun eta orekarako txarra izan behar duela kirolak, eta futbolak bereziki.

        Horren indargarri datorkio burura kartzelero eta preso, denak elkarrekin nola egoten diren telebista aurrean armonia ederrean. Selekzioak jokatzen duenean guztiek batera txalo egiten dutela, eta atzo bertan jipoitu zuten presoa jipoia eman zion kartzeleroaren ondoan ageri zaio, elkarri irribarre eta keinu konplizeak eginez...

        Baloietako bat hartu eta alanbre kutxiladunari jaurti dio, txoriaren albora, astinaldiarekin txoria jaregingo delakoan. Alanbrea ukitu du baloiak, baina haren gainetik joan da patiotik kanpora, eta txoriak lehenean jarraitzen du.

        Bigarren baloia hartu eta berriro ekin dio, bi-hiru aldiz bota eta alanbrea astindu du, baina txoria ez da libratu. Hurrengo jaurti duenean alanbre gainetik egin du kanpora.

        Dagoeneko tematu samartuta dago eta indarrez jaurti du hirugarren baloia. Alanbreen kutxilan geratu da iltzatuta, haizea dariola. Laugarren baloia aurkitu du eta, hasian hasi, bota dio txoriari berari. Gozo gozo joan da kanpora, alanbretik ukitu ere egin gabe.

        Bosgarren baloia hartu du, saskibaloian erabiltzen duten horietakoa. Alanbreen azpian hormaren kontra-kontra jarri eta gorantza jaurti du oraingoan, txoria bera jotzera, edo akatu edo askatu! Jo du alanbrea, eta hor doa txoria hegan, bizirik behintzat.

        Patio denbora amaitu zaio eta ziegara igotzeko deitu diote. Bi kartzelero dauzka atean zain.

        — Baloi horiek neuk ekarri ditut goizean, baina ez zuk horrela jaurtitzeko —bota dio bietan diplomatikoenak.

        — Tira, ez zen nire intentzioa, baina txolarre bat zegoen alanbretan kateatuta —erantzun eta kartzelero bien artean igaroz bere ziegara bidean jarraitu dio presoak.

        Txoriak eta txoriburuak elkarrekin ibiltzen direla pentsatuko zuten agian. «Joan hadi berriro heure baloiak ekartzera» pentsatu du harmailetan gora doala.