Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Herioren galeriak
1983an Euskal presoak Puertotik atera eta Herrerara eraman zituztenetik, Herreran bertan, Alcalan eta Carabanchelen zegoen kolektiboaren gehiengoa. 1987ko urtarrilaren azkenetan hasi ziren Herreratik atera eta presoak beste hainbat kartzelatan sakabanatzen.
Gasteizko legebiltzarkide eta lehendakarigai hautatu zuten Juan Karlos Ioldi ataundarra 1986ko azaroaren 30ean. Ioldi hauteskunde egun hartan Herrerako isolamenduan zegoen zigortuta. 1987ko otsailaren 26an Gasteizko Legebiltzarrean lehendakarigaiaren hitzaldia egin zuen Ioldik.
Ioldiren ondoren izango ziren beste preso batzuk, Nafarroako Parlamenturako foru legebiltzarrerako, foru aldundietarako, udaletxeetarako hautatuak. Gauza horiek aldatzen joan dira gerora, eta, moketaz jantzitako leku horietara presoek hitza eramatea posible egiten zuten zirrikituak zeharo itsutu dituzte.
Herreran gertatu ginenontzat, motibo askogatik izan ziren 1986, 1987, 1988 haiek ez ahazteko modukoak. Esan nezake Kirruli hilda agertu zen bezperan laugarren moduluko patio bazterrean egon ginela eserita kide batzuk, ohiko kontuez berriketan, hurrengo egunean bisitara nor ote zetorkion bata besteari galdezka, patioko zeru-sabai koadratuan zebilen enara pila ezohikoari begiratuz tarteka. Esan nezake nahi eta ezinak ematen dizun sentipen zapuztailea izan genuela hurrengo egunean, hirugarren moduluan kide bat hil zela jakin genuenean.
Zentrotik bisita lekura bitarteko pasilloan ipini zuten gorpua, eta taldeka joan ginen hura ikustera; azken agurra egitera. Orduan, Kirruliren gorpuari begira geundela ikusi genuen kartzelaren beste izaera bat, izuen galeria hauetan ostentzen den munstroaren itzala.
Bolada hartan bi emakume sendagile zeuden Herreran, eta Kirruli hil ondoren egunero sendagileen kontsultara joaten hasi ginen; gure kidearen heriotzan zuten erantzukizuna leporatzen genien.
Lehenengo moduluan nengoen, goiz batean ohi baino goizago esnatu ninduenean Beltzak, alboko ziegatik horma kox-kox-kox joz. Leihora atera nintzen.
Hi, irratian entzun diat preso bat hilda agertu dela...
Zer esaten ari haiz?
Hemen bertan, Herreran, preso bat hilda agertu dela esan dik irratiak...
Gero jakin genuen Mikel Lopetegi zela bere buruaz beste egin zuena. «Urkatua baina ez ukatua» idatzi zuen poetak, eta egia da. Gerora jartzen zara horretaz pentsatzen eta iruditzen zaizu ausardia behar dela norbere burua urkatzeko, ukatu baino lehen. Baina hori gertatzen den unean alferrikakoak dira poema guztiak, kidea bizirik estimatu, maite eta behar duzulako, poemarik ederrenak ere ez dizu ematen momentu horretan burua jasotzeko lain indar, eta ez zara ausartu pasilloan datzan kidearen gorpua ikustera joaten, ez duzu horretarako adina adore bildu eta, «zergatik?» galdetzen diozu zeure baitatik, «zergatik egin duk?».
Eraitsita, burua makur, oin muturretara begira paseatuz ematen duzu eguna, hitz egiteko animorik gabe, kidea hor alboko pasilloan datzala gogotik kendu ezinik, moduluko lagunengan sentipen berbera sumatuz. Ziegara igotzen zara gauean, goiz goizetik erraietan sortzen hasi zaizun korapiloak itolarrian zauzka ordurako, eta leihora jo duzu atea itxi dizutenean, arnasa bila, beste leihoetan kideak ikusi beharrez, besteek ere ikusten zaituztela sentitu beharrez, eta, «zergatik?» galdetzen diozu zeure baitatik bere buruaz beste egin duen kideari, «zergatik egin duk?».
Nekeak eta tristurak jota oheratzen zara halako batean eta oharkabean harrapatu zaitu loak eta ez dakizu ametsetan zaudela. Baina aurreko gauean alboko moduluan bere buruaz beste egin duen kideak bai, badaki ametsen ordua dela, eta badaki presoek amets ugari egiten dutela. Horregatik agertu zaizu, bere gorpu hilotza ikustera joateko gauza ez, eta behin eta berriz galdera bera errepikatuz eguna igaro ondoren lo geratu eta ametsetan hasi zarenean, eta «ezin bainuen gehiago» erantzun dizu.
Herrerako beste goiz bat datorkit akordura, eta Krakas ikusten dut lehen moduluko jangela gurutzatzen, bularreko oinazeagatik apur bat makurtuta. Goizean ateak zabaltzeko ordua baino lehenago hasi omen zitzaion bularreko mina, baina kartzeleroa ate guztiak irekitzera joan arte itxarotea pentsatu zuen. Oinaze handia izan behar zuen. Kartzeleroari esan eta zuzenean joan zen zentrora, sendagilearengana, beste kideren batek lagunduta.
Ez dakit zenbat denbora igaro zen Krakasi laguntzera joan zena itzuli arte. Asko ez, nolanahi ere. Ezin genuen sinetsi Krakas, lehentxeago jangela gurutzatu eta sendagilearengana oinez eta bere kabuz joaten ikusi genuen Krakas hura bera, futbolean hain bizkor aritu ohi zen hura bera, hila zela.
Izuen galeriako munstroa ase ezinik ibili zen Herreran bolada hartan, eta behin eta berriz erauzten zigun bere partea, bere bahia. Baina piztiaren oldarrek bazuten nondiko bat, bazuten etorkia.