Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Itziarren semea

 

Gaur egun Francoren tiraniaren aroan baino handiagoa da askatasuna, demokraziaren arauekin egiten dira gauzak, eta isunak ere handiagoak ezartzen dizkiete ezker abertzalearen joerak aldezten dituztenei. Hori bai, lehen bezala orain, zumea haizearen aldera.

        Garai batean edozein aitzakiarekin jartzen ziren isunak. Eta isuna ordaintzen ez zuena kartzelara. Mezetako sermoian atxiloketak salatzeagatik apaizari isuna, eta isuna salatuz gero... beste isun bat. Berdin euskal ikurren bat soinean eramateagatik edo alkateren bati eskutitz bat idazteagatik... Gustu eta mota guztietako arrazoiak zeuden isunak ezartzeko, baina bestelako logika baten peko arrazoiak ziren, tiranikoak edo.

        1967 eta 1968ak, bereziki salbuespen aldian, detentzioak emendatzea dakarte. Kartzela eta isunez gain, atxilotu asko desterratu egiten zituzten. Memoriaren trantsizioa egin zenean, ahaztu egin ziren kontu hauetako asko. Eta hogeitaka urte igaro ondoren desobedientziaren teoria deskubritu zuten moketadun bulegoetako iraultzaile abertzale batzuek. Teoria diot, praktika deskubritzeko daukatelako oraindik.

        Kartzelara iritsi arteko egunak, atxiloketa eta polizia-etxeko bizipenen testigantzetara ez naiz ohituko inoiz, beti dira erdiragarri. Andoni Arrizabalagaren kasua, hala ere, ikur bilakatu zen. Monzonek Itziarren semea deituko zion huraxe, 1968ko abuztuan atxilotu zuten, zortzi egunez Zarauzko Guardia Zibilaren kuartelean eduki ondoren Martutenen sartu eta biharamunean Donostiako Antiguako kuartelera eraman zuen Guardia Zibilak, eta beste hamahiru egunez eduki zuten bertan.

        Patiora atera gara jangela eta telebista gelako zarata eta iskanbilatik ihesi, eta bankuan eseri. Esatekoak esanda daudela esan ohi dugu hemen, baina erremediorik ez duen premia izango da beti zerbaitez berriketan aritu beharra. Horrela aritzen gara Mario eta biok gure historia honen gainean.

        — Presoei eta kartzelei buruzko historia baino gehiago kontaduria amaiezina ematen du honek, eta ez. A ze zenbaki eta kopuru festa!... Inork gutxik izango du hau irakurtzeko pazientzia —tar-tar-tar ari da Mario; gustua ematen du.

        Txolarreen ehiztari dabilen belatzari jarri diot arreta, Marioren armoni hotsa eteten saiatu gabe. Baina laster sumatu dut Mamadouren ahots takarra. Aulkia ekarri du tatarrazka eta bion aurrean eseri da. Berriketan hasi zaigu Nigeriaz, Gineaz, Senegalez... kartzelaz, urliaz eta sandiaz.

        — Eta hori, zer iruditzen zaizu hori —galdetu dio Mariok, gure eskuinean hamarren bat metro harantzago dagoen presoaz.

        — Hori ahula da. Kartzeleroekin asko hitz egiten du horrek, nire antzera —eta barre egin ondoren berriketan jarraitu du.

        Ez dakit ahula ote den. Isildu erraza behintzat ez. Etorri bezala joaten da gehienetan, besteren bati beroa ematera; eta badoala dirudi, jaramon handirik egin ez diogulako. Baina ez bere azken sententzia eman gabe:

        — Mundu honetan, anaiak berak ere ahantz zaitzake. Nolanahi dela, badira bizi diren artean zutaz gogoratuko diren bi pertsona.

        — Hara!, bi dira orduan?

        — Hiltzetik salbatu duzun hura da bat.

        — Eta bestea?

        — Hilzoriraino zafratu duzun hura —eta hor joan da, bere aulkia tatarrazka daramala.