Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Zilarreria

 

Ihesak eta itzulerak ez dira denak berdinak. Euskal erresistentziaren gainbehera eta ihesaren zalaparta kontatzen duen orrialdean daukat irekita Polixene Trabuduaren liburua.

        «Cadillac beltz handi bat eta Calvo anaietako bat, Gernikara eraman gintuen bera, lortu zituen gure aitak Bilbora eraman gintzan. Lau puntak lotuta bi manteletan presaka jaso nituen gauza batzuk, maletak ez nituelako aurkitzen; nire zilarreria ipini nuen mantel batean. Ezkondu nintzenean oparitutako zilarrezko gauza asko neukan. Gauza onak!... Mahai tresnak, bandexak, kafe-jokoa, kandelabroak... Gurutzeko Ahizpek bordatutako arreo-maindireetan bildurik hura guztia. Bulto handi eta pisutsua zen. Aitak ez zuen eraman nahi, baina baiezkoari eutsi nion nik eta onartu egin zuen azkenean. Bulto txikiago batean ipini nuen haurren arropa eta neurea. Ez dakit zer hartu nuen ere».

        Ai, zilarreria! Zilarreriaren bulto handiak lotzen gaitu!

        «Errepidea infernu bat zen. Ez gurea bezalako autoz betea, idi-gurdi, gurdixka eta karretilaz baizik. Gurdien gainean, altzariren batzuk, trasteak, lastairak eta kaiolak oiloekin... Tresneria txiroa!».

        Bilbotik Santanderrera, eta handik, ez gorabeherarik gabe, noski, Bordelera iritsi zen Polixene Trabudua bere hiru seme-alabekin Marrakech ontzian. Garazi jo zuten hurrena, hango Gotorlekuan geratzeko. 1937an haurrentzako egonlekua antolatu zuen han Eusko Jaurlaritzak. Andereño lanetan jardun zuen Polixenek.

        Gerra urrundu ahala, etxera itzultzen hasi ziren haurrak. Bizkaian geratu behar izan zuten gurasoek haurrak etxera itzultzea eskatzen zuten. 1939ko udaberrian itxi zen Garaziko Gotorlekua.

        «Hossegor-era joan ginen eta han igaro genituen egun batzuk, Josek Rouenera, Normandiara, joan beharra baitzeukan, Rouen-Club-ekin futbol kontratu oso on bat sinatu zuelako. Ospetsu bihurtzen ari zen Bilboko Athleticeko erdiko aurrelari gisa... Laussunnek beste tenporada batez gera zedin nahi zuen, baina askoz handiagoa zen Rouenen proposamena».

        Bigarren Mundu Gerraren etorrera zurrumurruak eta alemanen okupazio hasiera Miarritzen igaro ondoren, Rouenera itzuli zen Polixene familia osoarekin, alaba Eguzkiñe osasun arazoengatik Suitzan lagata.

        «Janariz ongi genbiltzan, Josek, futbolean jokatzen jarraitzeaz gain, elikagaien handizkako merkataritzan lan egiten zuelako —baita alemanekin ere— Pons deituriko espainiar-katalan batentzat. Pons familiak asko lagundu zigun, produktuak eskuratuz».

        Berriro haurdun geratu eta alaba izan zuen Polixenek. Bataioa Rouenen antolatu dute. Eresoinka abesbatza desegin berria ere bataiora elkartu zaie. «Horrela izan zen. Aita besoetako espainiarra aukeratu genuen, levantetarra, futbolzale porrokatua eta miloi asko zuena... Ehun eta berrogeita hamar gonbidatutik gora Rouengo hotelik eleganteenean. Janari aparta et introuvable-a, alemaniarrentzat eta kolaboratzaileentzat nahikoa eta gehiago. Baina abesbatza hura batez ere (Eresoinka-ko ia guztiak, eta Luis Mariano hauen artean), ahots sendo eta beirazkoekin gure abesti ederrak euskaraz abestuz. Alemaniar eta frantsesek aho zabalik entzuten ziguten mahai luzeen ingurutik... Zein pozik sentitzen ginen euskaldun izateaz!».

        Ederra da gurea: ikastoletako irakasle gara, euskaraz abesten ditugu kantu ederrenak, emozioz malko jario, alemanak, frantsesak eta mundutar guztiak txundituta utziz, eta harro sentitzen gara gure izateaz... baina gero erdaraz idazten ditugu liburuak.

        «Passy kaleko 48an bizi izan ginen bi etxeak izan ziren pertsonalki geuk antolatu genituen bakarrak, Josek jokatu izan zuen futbol taldeek eman zizkiguten beste guztiak: Racingek eta Stade-Françaisek alegia.

        «48.ean Iparragirretarrek utzi ziguten apartamendu batean bizi izan ginen lehenik, Euskal Gobernuaren altzariekin.

        «Lezo Urreztietaren bixitak gertakari handiak izaten ziren. Beti ekartzen zizkigun opariak, eta Parisko jatetxerik onenetara eramaten gintuen batez ere. La Tour d'Argent! Le Vert Galant! La Reine Pedocque!».

        Zilarreria, alegia... Hamar-hamabi urte bizi izan zen Polixene Trabudua Parisen.

        «Alemaniarren okupazioaren denboran, eta Parisen bizi ginela, bi bidaia sinesgaitz egin genituen Hego Euskal Herrira. Lehenbizikoan Irungo mugatik igaro nintzen... beldur galantarekin. Bilborako trena hartu eta Atxurin jaitsi nintzen, eta gero Lezama-Mungia trena hartu nuen, Sondikan neure aitaren etxe aurrean geratuz.

        «Arratsaldez lanetik goiz itzuli zen aita. Beldurtuta zetorren eta ezin zuen disimulatu. Guardia Zibilen sarjentua, oso laguna zuena, gure aitak bazkaltzen zuen Asuako tabernara joan zitzaion eguerdian eta honakoa esan zion:

        «— Oraintxe deitu dit Bilboko Polizia komisarioak, eta esan dit Gobernadorearen agindua dagoela Polixene Trabudua de Mandaluniz atxilotu eta Carmengo agintaritzara eramateko... Partea berandu samar jaso dudala esango diot nik. Zuk, Trabudua, badakizu zer egin behar duzun!

        «Berehala maleta txiki bat prestatu eta, inori agurrik egin gabe, Maite (hiru urtekoa) eskutik gogor hartu eta Bilbora abiatu nintzen Artxandatik».

        Ostera Iparraldera igaro zen alaba txikiarekin, eta egun batzuk geroago semearen bila itzuli zen bertara, hura ere Donibane Lohizunera eramateko, mugalari baten laguntzarekin. Polixeneren senarrari, Bilboko Athleticeko entrenatzaile kontratua egin ziotenean erabaki zuten Bilbora itzultzea. «Bidaia zail baten ondoren, eta gehien gutiziatzen genuena garraiatuz: pitxerrak, zeramikak, erloju eta kandelabroak, eta liburu eta, batez ere, paper-errollo pila handiak, 50eko udan jarri ginen Bilbon».

        Bilboko futbol taldea entrenatzailea aldatzera behartu zuten Madrildik, eta Rouen Clubeko zuzendaritzari idatzi zion Polixeneren senarrak. Han lana eman ziotenez, ostera Normandiara joan ziren, eta handik Venezuelara gero.

        Kandelabroak aberri.