Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Burgos

 

Burgoskoaren lekukotza eguneratu baten bila hasi ginen eta gutun batek dakargu, letra sarriz idatzia, zorrotz, ohar eta zirriborroak han-hemen. «Azkar idatzi eta bidaltzeko agindua jaso nuen...», hasten da eskutitza. Burgosko prozesuko Itziar Aizpurua bera da.

        1969ko martxoan atxilotu zituzten Jokin Gorostidi eta biak, Donostiako Gobernu Zibilean 17 egunez eduki eta torturatu ondoren, Martutenen sartu zituzten.

        «Jokinek hanka hautsi zuen atxilotzerakoan eta Martutenen ipini zioten igeltsua. Martutenetik Iruñera, eta han 1970eko azarora arte. Emakume politiko bakarra nintzen, Mertxe Garcia eta Jone Dorronsoro eraman zituzten arte. Egun osoa ziegan, goizean ordubeteko patio aldia eta arratsaldean gela huts batean beste ordu eta erdi izan ezik.

        «Burgosera Jone eta biok elkarri lotuta eraman gintuzten, guardia zibilak furgoian barruan zirela. Ez gintuzten eraman gizonak zeuden espetxera, Burgosko kartzela zaharrera baizik.

        «Garai batean Cid-en zalditokia izandakoa zen hau, herriko harresian. Ganbara batean eduki gintuzten, leiho txiki batzuk zituen eta hiru-lau ohe bata bestearen ondoan. Dutxa bat. Eta gela txiki batean, militar jantzitako emakume matroi handi bat egun osoan gu zaintzen.

        «Atxilotu gintuztenetik lehen aldiz epaiketan ikusi genuen elkar Jokinek eta biok, militarren aurrean. Hiru emakume ginenez bi elkarri eta hirugarrena txakur bati lotuta eramaten gintuzten kartzelatik epaitegira. Belarrietan tapoiak ipinita eramaten gintuzten, furgoitxo txiki batean, grisek. Komandantzia militarreko patioraino sartzen ziren furgoiak, eta handik epaiketa gelara. Ez zizkiguten askatzen eskuak».

        1970eko abenduaren 27an eman zen epaia:

        Teo Uriarteri, bi heriotza zigor eta 30 urteko kartzela; Unai Dorronsorentzat heriotza zigorra; Mario Onaindiari, heriotza zigorra eta 51 urte; Jokin Gorostidiri, bi heriotza zigor eta 30 urte; Xabier Izko de la Iglesiari, bi heriotza zigor, 27 urte, sei hilabete eta egun bat, eta kalte ordainak ordaintzea; Xabier Larenari, heriotza zigorra eta 30 urte; Txutxo Abrisketari, 62 urte eta egun bat; Enrike Gesalagari 50 urte; Jon Etxaberi, 50 urte; Bittor Aranari, 70 urte; Goio Lopez Irasuegiri, 30 urte; Jone Dorronsorori, 50 urte; Itziar Aizpuruari, 15 urte; Anton Karrerari, 12 urte; Arantza Arrutiri, absoluzioa; Julen Kaltzadari, 12 urteko kartzela. Handik hiru egunera heriotza zigorrak indultatu zituen Francok.

        «Familiakorik ez genuen ikusi ere egin», jarraitzen du Aizpuruak. «Burgosko prozesuan kondenatutako hamahiru, 1971ko urtarilaren 11n atera gintuzten hainbat destinotara. Furgoi bakoitzean bi, eskuak lotuta. Arantxa Arruti errugabe atera zen epaian, baina beste kondena bat zeukan, sei urtekoa, TOPekoa (Tribunal de Orden Público). Beste bi Burgosen bertan utzi zituzten.

        «Jone eta biok Alcala de Henaresera eraman gintuzten, Jokin Cartagenera, eta besteak binaka Caceres, Puerto, Jaen, Kordoba eta Alacantera.

        «Dutxarako ur beroa lortu genuen gose greba batekin. Gose greba bakoitzagatik 40 eguneko zigorra sartzen ziguten, eta ziegatik irten gabe edukitzen gintuzten. Zigor latz samarra sartu zidaten behin, lurpeko ziegan, oherik gabe lurrean koltxoi antzeko bat botata eduki ninduten hamabost bat egun. Zoruan txanpinoiak zeuden! Kaleratu berritan eskubiko giltzurruna kendu behar izan zidaten, usteldu egin zitzaidalako».

        Duela 30 urte inguruko garai haietan preso egondakoren bati entzun izan diot kartzelak beti kentzen duela bere bahia. Denboran atzera egin nahi nuke apur bat. Igande eguerdian Itziar eta Jokin Debako hondartzan paseatzen, Itziarren gerri aldean ebakuntza baten arrasto nabarmenak erakartzen dit arreta.

        Batzuetan urteak behar izaten ditugu zigor ziegen atzaparkadak eta zauriak ikusteko. Agiri artean nahastu gogoa eta Burgosko bestelako lorratzak datozkigu paper zuriaren azalera. 1970eko abenduaren 3an hasi eta 9an amaitu zen «Burgosko prozesua»; bertan gaude berriro:

        — ETA eta herriaren artean zer harreman dagoela uste duzu? —galdetu dio Pedro Ruiz Balerdi abokatuak Unai Dorronsoro epaituari.

        — Ez dago zinezko ezberdintasunik, bategite iraultzaile soil bat baizik...

        Eta akabo, zinezko ezberdintasunik ez dagoela erantzunda, dena bat dela uler dezake komeni zaionak, 1970ean Burgosen edo 2002an Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Horra hainbeste makurren katebegi galdua: esan bi hitz diktadurako epaitegi militar baten aurrean eta, oraindik, egungo demokrazian han esandakoak kitatzeko lanak ditugu, ETA eta Egin, Egunkaria, ikastolak eta gainerako guztia ez dela bat frogatu ezinean.

        — Baimenarekin, jauna. Esazu egia den ETA erakunde klandestinokoa zarela? —Fiskalaren itauna Mario Onaindiari.

        — Bai, ETAko kidea naiz, eta beti izango naiz —ihardetsi Onaindiak.

        Gero trantsizioa etorri zen, memoriarena.

        — Baimenarekin, jauna. Esadazu nola den egia 1969ko apirilaren 9an atxilotu zintuztela —Fiskalak galdera Txutxo Abrisketari.

        — Errepikatuko al zenidake galdera, mesedez? Ez dut ongi ulertu —Abrisketak; umorea ez galdu, behintzat...

        Epaiketaren amaieran, adierazpenen bat egin behar al duten —«Algo que alegal?» —galdetu diete tribunaleko mahaiko ahotsak epaituei, «alegar» esan beharreko azken hitz hori nabarmen gaizki ahoskatuta.

        — Si que tengo algo que «alegal»: el glifo de mi celda, que gotea. —erantzun du Enrike Gesalagak.

        Entzuten al dituzue Marioren barre algara zoroak Gaztelako ilunabar izoztuan?