Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Musua
Badira tira egin nahi diedan oroitzapenak, dela indarrez iltzatuak ditudalako gogoan, dela nahi gabe datozkidalako. 1984ko urtarrilaren 21ean, Baionako katedralean gose grebari ekin zioten berrogeita hamar errefuxiatu inguruk. Hamaika gose grebaren lekuko izandako «zulo» hori datorkit gogora, eta eguraldi zehatzekin batera etorri ere. Kanpoan hotza eta euria... hezetasun eta hotz hura guztia barruko harlauzetara igarotzen dela esango nuke, eserita edo etzanda dauden gose grebalarien azpiko belakietara. Tristura bere-berea badu gose greban dagoenak, deserosotasuna gehitzen zitzaien leku hartako gose grebalarien tristurari... Egun osoan zehar hurbiltzen ziren bisitariek ere apaldu eta epeldu ezineko tristura eta deserotasuna... Zenbat sufrimenduren oihartzuna ez ote dute gordetzen katedral hortako harritzarrek! Hamaika larritasunen eta iheslarien aurkako hamaika jazarpenen lekuko izan dira hango irudi santuak, aiene guztiei ezaxola. Zenbat aldiz ez dute profanatu bake egoitza omen den hura uniformedunen oldarrek!
1984ko huraxe izango zen agian iheslariek katedral hartan egindako azken gose greba... Memoria lanbrotsua da. Otsailaren seian CRSak sartu ziren gose grebalari guztiak atxilotu eta handik ateraz. Komisaldegitik askatu ahala, berriro elkartu eta Arbonako elizara joan ziren, protestarekin jarraitzeko. Katedraleko harlauza hotzen ordez, koruko oholtza epela izan zuten, gutxienez, belaki eta mantak ezartzeko.
Gogoan dut Arbonako eliza eta bertako korua. Gose greban zeudenek, apur bat ibiltzera edo neguko eguzki izpi urriez hezurrak berotzera eliza atarira atera ondoren, korurako eskailera aldapatsu hura igo behar izaten zuten.
Florentxio, Goazen, Itxaspe... gogoratzen ditut, egunak aurrera joan arren animoso, beste batzuk nabarmen indargabetuta. Hogei egun eta ahul, mantekin euren soinak bilduz, hogeita hamar egun eta nekatuago, jaikitzeko adore gehiegi gabe, mantei eutsiz; berrogeigarren egunera hurbiltzen eta... korura igotzeko eskailera hura balentria handiagoa zitzaien mendizalearen zortzi milakoa baino.
Aitortzen dut Idoiagatik joaten nintzela batik bat, ahal nuenetan. Eliz atarian esertzen ginen neguko eguzki izpiak harrapatzeko, elkarri kontuak egiteko, isilik egoteko, eta bere masail mehetuei erreparatzen nien, begi tristeei...
Alde egiteko ordua iritsi zitzaidan eta korura lagundu nion, eskailera aldapatsu hartan gora. Iritsi gara eskailburura, eta eman diot musu, batzuetan musu ematen dugun modu horretan eta... Zorabiatzen ez zait ba neska! Arrakasta!