Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Sisifo lanean

 

Begian hasi eta aurpegiaren alde oso bat hartu dio oinazeak Mariori. Minari eutsi ezinik igaro ditu bi-hiru egun, eta gaur bazkalondoan ospitalera eraman dute. Gero eta larriago zebilen, baina sendagilearenera joan eta zerbait eskatzeko aholkurik ez zuen entzun ere egin nahi. Egoskor eta temosoen lehiaketarik inon balitz munduan edo mundutik kanpo, berau bidaliko nuke, bigarrena lotsagarri geratzeko moduko aldearekin irabaziko lukeen konfiantza osoan. Propio egina dirudi horretarakoxe, eta ez dakit entrenamenduak ez ote dituen egiten gainera. Susmoak izaten ditut batzuetan.

        Gorri-gorri eginda zeukan eskuineko begia eta handik ez zuen ikusten. Gaur goizean oinazea jasanezina izateraino egin du okerrera. Erizaindegira, sendagilearengana joan behar duela esan dio azkenean kartzeleroari. Kontu larri samarra iritzita zuzenean bidali dute ospitalera.

        Afalondoan agertu da modulura, begia estalita, garai bateko kortsarioen tankeran. Goizean baino itxura hobea dauka hala ere, eta goizean baino lasaiago ekiten diot neuk ere gure historia honen zuzenketak egiteari.

        1977ko abenduan kaleratu zuten euskal preso politikoetan azkena, baina ez zen asko luzatu zorion ustea, 1978ko otsailean Iruñeko kartzelan zeuden Juan Mari Olano eta Jabier Morras. Ilusioa izan zen, ederra bezain laburra. Ziegak betetzen hasi ziren berriro, eta kartzeletako bideari ekin zioten atzera senide eta lagunek.

        Bide batean abiatzea ez da nahikoa ibiliak zenbat iraungo duen jakiteko, 1978an bisitan joan zirenek ez zuten asko pentsatuko noraino, noiz arte iraun behar zuen Sisiforen harri horren dantza setosoak.

        Herrerara iritsi nintzenean —urte batzuk badira— mirespenez begiratzen nien sei-zazpi urte preso zeramaten kideei. Eta nire antzera besteek. Ikaragarria iruditzen zitzaigun sartu berrioi hainbeste urteko kartzelaldia. Denbora neurtzeko galgak eman egin duela, laxotu egin dela dirudi hala ere, eta gaur egun 25 urte daramatza preso Joxe Mari Sagardui Gatza-k. Eta badira 20tik aurrera doazen batzuk, eta 10etik gora betetakoak ez dira gutxi... Baina 1978an Amnistia modu haren ondorengo lehen presoa izandako hura kartzelan egon da ostera, 2005eko irailean atera duten arte. Maldan gora, maldan behera, atertu ezinik darrai Sisiforen harriak.