Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Castello

 

Sakabanaketa areagotzeak sortutako zenbait ondorio eta alderdi ikusteko neurrikoa delakoan dakargu ostera Antxon Garcia del Molinoren hitza:

        «1987ko urriaren 26an eraman ninduten Castellora, beste lau lagunekin, Herreran lau urte eskas egin ondoren. Ordura arte talde handi samarretan egonak ginen Carabanchelen, Puerton eta Herreran, baita Alcalan ere. Handik aurrerakoa, berez gure kolektiboa sailkatzeko eta zatikatzeko ahalegina izango zen etsaiaren aldetik: sakabanaketa... Gure suntsipen fisikoa eta psikologikoaren bila egindako plangintza abiarazi zuten.

        «Preso sozial batzuk gu erasotzera bultzatu zituzten hasteko, ordainean mesedeak eskainita. Hala ere, etsaiaren kaltetan gertatu zen eta gertatzen da; preso «arriskutsuenak», lehen graduan eta guztiz jazarrita edukitzen dituzten preso sozialak alegia, ez baitira izaten kartzeleroei mesede egiteko zale. Preso «arriskutsu» horiek izan ohi dira, hain zuzen, nolabaiteko klase kontzientzia daukatenak eta duintasun gehien dutenak. Eta bizi-baldintzen egoera gogorragatik gurekin txukunen konpondu ohi direnak ere bai, jakina... Bortxatzaileak, salatariak, eta giza-bakasta modu guztiak izan ohi dira kartzeleroen konfiantza dutenak, inolako duintasunik ez dutenak gehienetan... Dena dela, preso sozialak gure aurka erabiltzeko saiakerak inoiz ez dituzte amaitutzat eman.

        «Ez dugu ahaztu behar, kartzeleroengandiko jipoiak sakabanaketaren ondoren hasi zirela batik bat; talde txikietan edo bakarka geundela ikusirik horretaz baliatu ziren basakeriak eta gehiegikeriak egiteko, eta berdin jarraitzen dute gaur egun ere.

        «Agerian daude jazarpenarekin eta sakabanaketarekin lortu dituzten emaitzak: itota eta gehiago jasan ezinik euren buruaz beste egin duten lagunak, esate baterako; ez dituzte menderatu, baina urkamendira bultzatu dituzte. Eta hor daude damutuak ere; nire ustez, damutuak baino ukatuak eta etsitakoak besterik ez direnak.

        «Bakardadea izan zen Castellon lehenengo aurkitu nuena, lagun falta. Herreran modulu osoa ginen kolektibokoa, eta Castellon bost baino ez; gure inguruan preso sozialak, ordura arte ezagutzen ez genuen giroan. Argi zegoen preso sozialekin nahastu eta haiekin parekatu nahi gintuztela, haien artean «urtu», nolabait esateko. Baina, aldi berean, gurekin harremanetan edo lagunartean ikusten zutena begitan hartuko zuten berehala; laster hasiko ziren kartzeleroak hari jarraipen berezia egiten. Gurekin mintzatzeagatik bakarrik sartzen zizkieten parteak eta zigorrak.

        «Kartzela batzuek epe laburrera ez dizute hainbesteko erasanik egingo, baina luzera itogarri bihurtuko zaizu egonaldia, gauza txikietan izorratzen zaituztelako, gainditu ezinezko eragozpen txikiekin topo egiten duzulako beti. Horrelakoa da Castellokoa, beti trabak asmatzen, nondik zirikatuko asmatzen dabilen tiranotxoz osatutako zuzendaritzarekin».

        Nahi beste adibide jar daitezke, leku batzuetakoak okerragoak eta besteetakoak arintxeagoak, baina Castelloko honek kartzeletako egoeraren bataz besteko ispilua osatzen du. Eta garbiago ura iturrian...