Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Atutxaren egiak

 

«Kartzela ETArentzat bateratzaile izatea ekidin nahi dugu, ETA ahultzeko tresna guztiak ongi etorriak izan behar lirateke», zioen 1992an Antoni Asuncion Espetxeetako idazkari nagusiak, eta presoei erasotzea eta presoen senide eta lagunak setiatzea «tresna baliagarria» eta, beraz «ongi etorria» zen ETA ahultzeko.

        Hala ere, euskal presook ez gaude hain gaizki kartzeletan, Juan Mari Atutxaren esanetan behintzak, bai baititugu geure inguruan «itxuraz normalak diren familiak, 16 urteko alabak kartzeletara eramaten dituztenak (presookin) bisean bisak egitera».

        «Itxuraz normalak diren familiak» dioenean, berea bezalako familia esan nahi du, noski, Atutxak, eta batere itzuli-mitzulirik gabe esaten du zelako anormalkeriak egiten dituzten «itxuraz» berea bezain «normalak diren familia» horiek. Kontua da anormalik handienak ere normaltzat edukiko duela bere burua, eta Atutxa ere «itxuraz pertsona normala» izango da bere ustez eta «itxuraz normala den familia» izango du. Baina «itxuraz normalak diren familiek 16 urteko alabak kartzeletara bisean bisak egitera» ekartzen dituztela dioenean, edozein pederasta edo proxenetaren logika eta pentsaerarekin hitz egiten du Gasteizko Gobernuko Barne sailburu izanak. Eta ez nau harritzen.

        Duela mende batzuk, Indietara iritsi eta hango lurraldeak eta jendeak sarraskitzeari ekin ziotenean, kalean edo kartzeletan zeuden lapur, hiltzaile, bortxatzaile eta gainerako zibilizatu guztiak bidali zituzten, besteak beste, Espainia Berrira, hango tenebrosoak zibilizatzera. Mendeak igaro dira, baina gizakien izaera anitzak bere aniztasunean dirau. Duela mende batzuk baino gehiago eta bizkorrago hiltzen dute gaur eguneko armada zibilizatzaileek. Armada horiek ezkutaleku oso onak dira gaur egun ere torturatzaile, bortxatzaile, hiltzaileentzat: Serbia, Txetxenia, Guantanamo, Abu Ghraib... Intxaurrondo, La Salve...

        Gizartea, ordea, asko ugaldu da, eta ugaritasun horrek armadetan ostentzeko baino giza abere bortxatzaile, hiltzaile, torturatzaile... gehiago ematen du. Kartzeletan ere ezin dira denak kabitu, eta landare eta abereek naturan sortzen diren soilgune eta hutsuneak betetzeko joera duten bezalaxe, gizartean sortzen diren leku hutsak, postu berriak betetzen doaz giza abereak. Inkisidore berrituek, pederasta moldatuek, epaile progresistek, torturatzaileek... kapusai zaharkituak eta jipoiak, iltzedun tormentu tresnak eta uhalezko zigorrak museotan laga dituzte eta gorbatak jantzi, euren galtzontzilo zikinak ezkutatzeko, normaltasun itxuran agertzeko polizia soil, politikari profesional, kartzelero edo Barne sailburu gisa. Itxuraz normalak diren familiak, alegia, Juan Mari Atutxa bera bezalako aita batekin, anormalkeria handienak ere normal-normal pentsatzeko eta egiteko.