Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Kondukzioak
Egunkarian irakurri al duzu aldatu berri dituzten presoen zerrenda? galdetu dit Mariok.
Irakurri dut, bai. Orain ere Euskal Herritik urrutien dauden kartzeletara eraman dituzte, Madril aldeko kartzeletatik gehienak; baina Frantziako kartzeletan ere egin dituzte aldaketak.
Kundak eta kundak, amaitzen ez diren ibili madarikatuak erantzun diot, eta horretaz hasi gara.
Gerra garaian eta gerraostean trenez egiten zituzten kartzela aldaketak. Orain furgoi handi edo txikietan egiten dituzte; Kanariar edo Balear uharteetara, Ceutara edo Melillara itsasontzian, normalean; abioiz ere bai batzuetan.
Kondukziorik luzeena zenbat denborakoa egin duzu?
Hamar bat egunekoa... Ez dut gogoan, egia esateko.
Madrildik Zaragozara eramateko, Burgosen igaro beharko duzu gau bat, Langraitzen beste bat, edo gehiago. Terueldik Bonxera eraman nindutenean, gau bat egin genuen Logroñoko kartzelan, Langraitzen lau, Oviedoko kartzela zaharrean beste bat.
Telebistan sarritan agertzen da, Auzitegi Nazionaleko sarreran, presoak eraman edo ekartzeko erabiltzen duten autobusa. Hori ikusita, jendeak pentsatuko du autobus arrunta izango dela diost Mariok.
Erdian pasabidea dute autobus horiek, eta alde banatara kaiola erabat itxiak, ez bentilazio eta ez kristo. Kaiola bakoitzean bi eserleku, eta zutitzeko adina altura ez. Eserita zaudela, belaunetatik arrabetera daukazu aurreko kaiola ixten duen burdinazko xafla. Neguan hotzak edukiko zaitu dardaraka, eta udako eguzki berotan itoko zarela pentsatuko duzu Gaztelako edo Andaluziako bideetan. Ez duzu ezer ikusiko, leihatila modukoa ixten duen burdin-xaflaren zulotxoetatik ez bada. Boligrafoa pasatzeko baino txikiagoak dira zulo horiek.
Kartzela berri batera iristen zaren bakoitzean, zure martxa ezerezetik hasi behar duzu: kideak zein diren eta zein modulutan dauden jakin, elkar ikusteko aukerarik badagoen aztertu, bisita egunak noiz diren ikasi... Autobuseko lazeria ibiltarian beste kartzela batera aldatzen zaituzten bakoitzean presoaren ikasbideari lotzen zatzaizkio ostera, errotarri paratu berria bazina bezala, kendutako denboraren aleak moldekaizki xehatzen.