Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Lupus
Briatexte jaunak ez zirudien oso lotsaturik hurrengo aldiz ikusi nuenean. Aitzitik, esan daiteke inoiz baino alaiago zegoela, dena irribarre eta dena molde on. Barkatu maitea, esan dio dokumentalistari, ni aurrean nagoela, baina gaur kendu egingo dizut Ramirez jauna kafe orduan. Horrela hitz egin ahalko dugu lehengo egunean aipatu zenidan aferaz, ezta? Azken hitzak niretzat ziren. Ni konforme egon nintzen, noski.
Kafetegi batean eseri garenean ere ez du umore onik galdu. Ezer ez da dirudiena, nork bere bigarren bizitza, sekretua eta askoz interesgarriagoa eraman ohi du. Itxurakeriaren azpian dagoen bizitza egiazkoagoa izaten da azalean ikusten dena baino. Gizartearen zurikeriatik libre den bizitza horretan baizik ez gara geu. Cartailhac andreak dio literaturzalea zarela; hala bada, jakingo duzu XIX. mendeko errusiarrek, Txe-khovek-eta, maiz ibiltzen zuten gaia zela. Bizitzak ustekabeak ematen ditu, eta horrek egiten du interesgarri. Gero, bikoiztasun hori nola aurkezten den, esan-eginei zer tankera ematen zaien, horixe izaten da kontua. Izan ere, prentsa ona izatea oso beharrezkoa da; beti izan da oso beharrezkoa, eta egun sekula baino beharrezkoagoa. Ezin nindukezu sobera kaltetu bart ikusitakoa zabaltzen hasiko bazina, baina ez dut ukatuko diplomatikoa izatea komeni zaidala. Prentsaren kontu horrengatik. Gertaerak nola aurkezten diren, horixe izaten da garrantzizkoena, berriz diot. Adibide praktikoa eta hurbila jarriko dizut; orain Toulouse-Lautrecekin interesaturik zabiltza eta, ba al zenekien margolariak sekulako buztana bazuela? Bai, askotan aipatu izan da ipotx itxuragabea zela: «Alabaina, handitzeari uko egin zion haur-gorputz horrek bazuen, bai horixe, ar guztiak apalduko zituen zera» [51]. Bai, badakigu, kontua ez da tamaina. Baina kasu honetan anaiaren tamaina bat omen zetorren desioaren tamainarekin. «Hilko naizenean Cyranorena bezalako sudurra edukiko dut» [52]. Hitzak Toulouserenak berarenak omen dira. Sudurra eta sexuaren arteko harremanari buruzko hitz-jokoa da. Jakingo duzunez, sudurraren eta sexuaren arteko balizko harreman hori aspaldiko kontua da. Espainian ere bai, ezta? Laurent Jobertek [53], XVI. mendeko medikuak, Rabelaisen garaikideak, jasotzen du herriaren sinesmenetan guztiz txertatua dagoela sudurra eta zakilaren artekoa: sudurra zenbatekoa eta nolakoa, zakila hainbestekoa eta hainbesterainokoa. «Lautrecek berak itxi du bere monograma elefante baten ziluetaren barruan, tronpa luzeko animalia delako, gogorarazteko, gaiztoz, bere proportziorik gabeko organo barregarri hori» [54]. Arraren harrokeriaren seinale, haur-kontua eta aldi berean magikoa, totema. Ez da oso azkarra izan behar proportzio gabezia dela mingarria, eta ez tamaina, eta proportzio gabezia horrek horrek beste edozerk baino gehiago laburbiltzen dituela ezin hobeki, ezin grafikoago, ezin sinbolikoago, Albiko margolariak bere bizitzan pairatu zituen oreka-falta guztiak. Proportzio gabezia hori bailegoen gainerako demasakeria guztien oinarrian. Eta aletzen hasita, luzea da demasakerien zerrenda, eta kolore bizietakoa: alkohola demasa, margotzeko obsesioa demasa, margo eta marrazki-gaien gorabeherak ikasteko grina demasa... Henriren bizitzak bere obra grafikoak duen kolore bizia bera du, kolore bizietako bizitza da. Medikuek diotenez, osteodisplasia piknotikoa deitzen den gaixotasun batek jota omen zegoen gure Henri. Hala uste dute behinik behin Maroteaux eta Lamy doktoreek. Vangt Schmidt doktoreak, aldiz, beste hainbat diagnostiko ematen ditu. Piknodisostosisa ote zen irakurri dut, baita ere. Ez gaitu harritu behar bat ez etortze honek; patologia hauek 1960 urte inguruan deskribatu dira, margolaria bizi zen garaian ez ziren ezagunak. Goikoak bidaliriko sofrikarioa iritziko zieten, edo zorte txarra, guk egun beste hainbat bezala. Medikuek gaixoa aurrean ez zutela diagnostikatu zuten. Biografia ofizialak hanka hautsiko ipotx eragabea zela esatea edo sekulako ziria zuen margolari on eta aberatsa terminoaren bi adieratan, gainera zela esatea ez da gauza bera, ezta? Nondik heltzen zaion. Ikusten? Gertaerak nola aurkezten diren. Prentsaren garrantzia. Baina susmoa dut beste zerbaitetaz hitz egin nahiko didazula.
Harrigarriago zait Briatexte drag queena, Lautrec ipotx zakil handia baino. Briatextek nonbaitetik atera behar zuela konprenitzekoa da, ordea. Baina bai, jakina, beste zerbaitetaz hitz egin nahi dut. Zehatz esanda, nahi dut hemen, hau da, museoan 82an gertatu zen lapurretaz dakizuna konta diezadazun, zerbait baldin badakizu. Eztarriko marrantak garbitu zituen. Ez dakit gauza handirik, ni orduan behin-behinean ari nintzen museoan lanean, boladaka, ez dakit gauza handirik, galde iezaiozu Cartailhac andreari. Briatexte adarra jotzen ari zitzaidan, dudarik gabe. Bai eta zera ere, soka urkatuaren etxean aipatzea izango litzateke, nahikoa kosta izan zait Cartailhacekin ongi moldatzea, orain ez dut dena pikutara bidaliko. Zer egiten zenuen museoan orduan? Lupus jaunari laguntzen nion. Lupus? Nor zen Lupus? Lupus orduko Museoko kontu-hartzailea zen. Ezizena zen, noski, halaxe deitzen zioten, eta egia esan ez dakit zergatik. Ez behintzat otsoa bezain maltzurra zelako, nahikoa tipo apala eta amultsua zen; arraro samarra, egia esan, baina nahikoa apala. Orain ez dut gogoan bere egiazko izena, ekialdeko herrialderen batekoa zela uste dut, jatorriz, bederen, nazionalitatez frantziarra baitzen, oso oker ez banago. Eta zuk zertan laguntzen zenion Lupus delako hari? Bon, garai haietan ez zegoen, gaur bezala, agirizaina eta kontu-hartzailea, eta Lupusek bi egitekoak betetzen zituen. Lan gehiegi omen zuenez, neu astean hainbat ordu aritzen nintzen berari kontuak eramaten laguntzen. Lapurreta izan eta gero Lupus joan zen, eta orduko zuzendaria ere bai. Ondoren sartu zen Mme Cartailhac, eta berak berrantolatu zituen lanpostuak eta egitekoak. Berak sortu zituen bi lanpostu lehen Lupusek egiten zuena egiteko, eta harrezkero naiz ni museoko kontu-hartzailea.
Zenbat bisitari ditu Albiko Museoak urtean? jakin nahi izan nuen. Briatexte lasaitu egin zen, betarteko giharrak, ordura arte tenk eginda, laxatu zirelako, nabari zen. Uste zuen, nonbait, nire galderen zatirik konprometituena bukaturik zegoela. Bostehun bat eguneko, batez beste, hau da, 160.000-170.000 urtean. Parisko museo handiak kenduta, Frantziako lau inportanteenetakoa da. Nik kalkuluak egin nituen, isilik. Sarrerak 24 libera balio du: hortaz, 160.000 x 24 = 3.840.000 libera urtean. Pezetatan jarrita, ehun bat milioi urtean, bakarrik sarreretan. Horri gehitu beharko litzaioke dendatxoan aterako zutena, bederen. Ez dakit Frantziako museoentzako dirulaguntza politikaren berri, baina uste izatekoa da hortik ere zer edo zer eroriko zaiela. Non eta Albiko Udalak berak ez badio laguntzarik ematen, oso harritzekoa izango ez litzatekeena, museoa hor egoteak 50-75.000 biztanle dituen eta turismoari begira bizi den hiri bati ematen dizkion zeharkako sarrerengatik baizik ez bada. Eta kopuru horiek urtero-urtero, duela hirurogeita hamar urtetik hona, Albiko Museoa hiri txiki hartako ekonomian puntu fuertea izango zela ez zen dudarik. Ez, han bazen oso normala ez zen zerbait, eta aprobetxatu nuen Briatexte hor neukala nire zalantza zein zen jakiteko: aizu, Briatexte, jakin ahal izan dudanez, eraman zituzten koadroak aseguratu gabe zeuden. Nola liteke horrelakorik Frantziako lau museo inportanteenetako batean? Aurrekontuz estu zebiltzalakoa ez da aitzakia, ezta?
Briatexteri berriz tenkatu zitzaizkion betarteko giharrak, konturatu zelarik, nonbait, bere lehengo inpresioa, hau da, galdetegiaren zati konprometitua bukatuta zegoelakoa, inpresio faltsua zela, eta ez nintzela ehizakia hortz artetik uzteko gertu. Briatextek hasperen egin zuen. Nondik dakizu datu hori? Egunkarian irakurrita. Isilune bat egin zuen abiatu baino lehen. Bada, orain kontatuko dizudana ez zen, noski, egunkarietan atera. Nahikoa trebezia eduki zuten pasteltxoa ez aireratzeko. Bazegoen, noski, margoen aseguruentzako aurrekontuko kontu-sail bat. Obrak aseguratu gabe zeudela orduantxe jakin zen, lapurtu zituztenean. Bazegoen poliza bat, baina konpainiak esaten zuen polizaren saria ez zegoela ordainduta. Lupusek esaten zuen saria aseguru-konpainiako poliza-egileari ordaindu ziola, eta erreziboa bazuela. Poliza-egile hori ez zen jada konpainian lanean, eta hau guztia gertatu zenean ez zen inondik ere ageri. Konpainiak ez zuen erreziboa onartzen, ez zuen berea zenik aitortzen, eta dirua ez zuela sekula jaso esaten zuen. Lupusek, negarrez ia, aitortzen zuen inozo jokatu zuela, engainatu zutela, bere errua izan zela gauzak behar bezala ez egiteagatik, baina berak ez zeukala dirua. Inork ez zion sinetsi. Ondorioz, ondorio logikoz, Lupus bota egin zuten, kudeatzaile txarra zelako, polizako diruarekin gelditu zela demostratzerik eduki ez bazuten ere; Albiko alkatearengandik hasita denek uste izan zuten aseguruentzako dirua bere poltsikoan gorde zuela, ordea. Kontu-hartzailearen zabarkeriak arrastaka eraman zuen zuzendaria, Legrain, azken finean arduradun nagusia bera baitzen. Eta Noire, zaindaria, bota egin zuten, baita ere, lana behar bezala bete ez zuelakoan. Noirek gaizki pasatuko zuen. Alargundu berri zegoen. Bera zen denetan kulparik gutxien zeukana, eta garestien ordaindu zuena, jubilatzeko hamar bat urte falta zituelarik langabezian gelditu zelako.
Alajaina, pentsatu nuen. Horrek bai, horrek bazuen beste itxura bat. Drag queen hura informazio iturri interesgarria gertatzen ari zen. Soka tinkoagotzeko profitatu nuen. Gaur egun non daude? Legrain, Noire, Lupus... zer gertatu da haiekin? Briatexte lasaitu zen berriz ere. Ez dakit gauza handirik, eta dakidanaren arabera, ez dago jakiteko gauza handirik ere. Legrain hil egin zen handik bost bat urtera. Ez zen zaharregi, baina gaixotasun gaiztoren bat ba omen zuen, minbizia-edo. Noirek pasatu zuen okerrenen. Lanik gabe gelditu zen, emaztea hil berri zitzaion istripuan; bazuen alaba gazte bat, baina gaizki moldatzen omen ziren, eta bakarrik utzi omen zuen... Bere buruaz beste egin zuen. Eta Lupus? Desagertu egin zen. Nora, norekin, zer egitera... ez dakizu? Non dabilen ez dakizu? Ezta ideiarik ere. Desagertu egin zen, eta hori izan zen dena. Gaixotasun oso arraro horietakoren bat ote zuen entzun dut, bere jatorrizko ekialdeko herrialde horretara itzuli ote zen ere entzun dut, baina seguru esateko ez dakit ezer.
Bazegoen oraino ukitu gabe genuen gai bat, inportanteena, agian, eta ez nuen elkarrizketa bukatu nahi atera gabe. Aizu, Briatexte, zer deritzozu akrobata pare batek Aux Courses bezalako koadro bat eraman eta handik hamabost urtera koadroa inondik ere ez agertzeari? Briatexteren lehen erreakzioa ergelarena egitea izan zen. Niri ez esan horrelakorik, nik zer dakit, eta abar. Ea ba, Briatexte, ea ba: zuk ere badakizu hemen badirela elkarrekin ongi uztartzen ez diren bi kontu: lapurrak txorizo ezjakinak izatea, egunkarietan-eta esan zen bezala, eta margoak oraindik desagertuta egotea. Zuk eta biok badakigu edozeinek ezin dezakeela halako koadro ospetsu eta balio handikorik nolanahi saldu. Beste modu batez esanda, norbaitek bidali zituen akrobata horiek, lapurrak inoren kontura ari ziren. Briatexteren aurpegia ilundu zen. Jesarlekutik altxatu zen. Berandu egin da, askotik gainditu dut kafea hartzeko dudan astia, banoa. Hori guztia esan eta ateko bidea hartu zuen.
Nik jada ez nuen egiteko handirik Albiko Museoan. Ikusi beharreko guztia ikusirik zen. Arratsaldez itzuliko nintzen nire gauzak jasotzera eta Cahuzac zein Cartailhac andreei agur esatera. Arratsalde hartan bertan abiatuko nintzen Paris aldera, eta bidean egingo nuen lo. Hurrengo arratsaldean espero ninduten Parisen. Yves, Thierry eta Margot, hirurak edukiko nituen zain. Margot goiz hartan bertan abiatu zen Parisera.
Albiko erdiguneko kaleetatik paseoan ibili nintzen, beste turista bat gehiago bainintzen, Briatexterekin hitz egindakoa marruskatuz. Tarn gaineko zubi zaharra zeharkatu nuen, eta iparreko auzoko eraikinak, Erdi Aro kutsukoak baina berrituak, miretsi nituen, baita Berbieko jauregiak katedralarekin batera osatzen zuen multzo trinko eta boteretsua ere. Tarn berriz zeharkatu eta hiriko hegoaldeko kale apainak korritu nituen. Hotelek, jatetxeek, tabernek eta dendek aise salatzen zuten Albin ez zutela motxila hutsez doan turista-klase hori sobera maite. Arteak goi mailako turismoa erakartzen omen du. Eguneko plater nahiko merkea agintzen zuen kafetegi handi batean sartu nintzen zerbait jateko asmoz. Luze egon nintzen bertan eseririk, kaleari begira. Eguraldia unetik unera aldatzen zen; eguzkia kuriketan zebilen, haize bolada batek hodeiak ekartzen zituen eta minutu laburreko zaparrada jaurtitzen zuten, eta gero eguzkiak dirdirarazten zituen, berriz ere, harri zaharrak eta adreilu gorri bustiak. Ortzadarra ere ikusi nuen. Nahi eta nahi ez, eguraldiaren eta nire barne-egoeraren arteko antzekotasuna bilatzen pasatu nituen minutuak. Udaberria nahasi zetorren.
Arratsaldean museoratu nintzen berriz. Nire ordenadore portaila eta karpeta parea bildu eta agur esan nien Cahuzac andreari eta Briatexte jaunari. Biek erakutsi zuten, zein baino zein, frantziarrek ohi duten politesse delako hori. Nire lana gustu handiz jasoko zutela, bukatutakoan bertara bidaltzeko nekea hartzen banuen. Daturen bat gehiago jakin nahi izanez gero, deitzeko, edo idazteko, eta abar.
Cartailhac andrearekin guztiz bestelakoa izan zen. Ordu erdi bat itxoinarazi zidan bere bulegoan hartu aitzin, eta lanpetuta zegoelako aitzakiarekin bost minutu laburretan egin zuen nirekikoa, hotz, urrun. Ez zidan bere lanerako kolaboraziorik eskatu, ez zidan nire ustezko lanari eta unibertsitateari buruz ezer esan. Beraz, Espainiara itzuliko zara, noski, esan zidan; agurtzeko modu horrek etsaiaren lurraldean nengoela sentiarazi zidan, lehen egunean agurtu ninduenean bezala edo areago. Ongi ibili Espainian. Bostekoa eman eta ospa egin nuen, arineketan, puzkerrik edo horrelakorik botatzeko inolako animorik gabe.
Arrazoi bakarra zegokeen zuzendari-andrearen jarrera aldaketa hartan. Eta arrazoi bakar hori izango zen, nire irudirako, Briatexte kontu-hartzailea joan zitzaiola nirekin izandako elkarrizketaren kontuarekin. Zer beste arrazoi egon zitekeen, bestela?
[51] Hau da, «cependant, ce corps d'enfant qui s'est arrêté de grandir avait de quoi, certes, humilier tous les mâles». Thadée Natanson: Un Henri de Toulouse-Lautrec, Paris, 1992.
[52] Jean Sagne, aipatu liburua. Hitzaurrean: «Quand je serai mort, j'aurai le nez de Cyrano».
[53] Jean Sagnek hitz egiten digu horretaz.
[54] Antzera Thadée Natansonen liburuan: «'La cafetière' est le surnom qu'aurait valu à Lautrec la proportion ou la disproportion d'un de ses organes. Le mot joue sur l'importance du bec dans les cafetières qu'on apelle des verseuses». 'Verseuse' kirten zuzeneko kafetera da, eta 'bec', kirtena.