Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Geroago eta karikaturago

 

Haussman bulebarrak Montmartre bulebarrarekin bat egiten duen tokian hartzen den zehar-kale bateko jatetxera eraman ninduen Margotek. Bouillon Chartier, Rue du Fabourg Montmartre. Behiala inprimategia izandako lokal handia zen, sabai altukoa. Ehun lagun inguru ariko ziren afaltzen mahai txikietan gu iritsi orduko. Ez zegoen japoniarrik, ezta arrotz itxurako bezeriarik. Prezioak ez ziren garestiak eta janariaren kalitatea, ondoren ikusi ahal izan nuenez, ez zegoen gaizki. Ikasleek, bulegariek, zerbitzuetako langileek, alargun tipikoek bere txakurtxoarekin, bikoteek osatzen zuten bezeria. Makina bat zerbitzarik egiten zuen hegan mahai ñimiñoen artetik. Paristar edo probintzietako paristartu arruntak afaltzen zuen tokia zela atera nuen kontu. Poztu nintzen Saint Michelgo zirkuituetatik kanpo ibiltzeaz, non, auskalo, herrikide lika eta sasi-kosmopolita batekin egingo bainukeen topo, non a zer kasualidadeka eta Parisen topo egiteaz elkarri gezur esaka justifikatu beharko baikenuen. Itxoin egin behar da, jakinarazi zidan Margotek. Larruzko praka beltz estuak zeuzkan jantzita. Aperitibo bana eskatu genuen itxoinaldia arintzeko. Afaltiarrek eta zerbitzariek eratzen zuten koreografia ustekabekoari begira jarri nintzen. Une batez amets egin nuen afari hura plazer hutsez egin ohi den horietakoa zen ideia burugabearekin. Pentsamendua baztertu nuen. Nire begiak bakarrik afaltzen ari zen gizon batengan finkatu ziren. Nahikoa edadetua zen eta sonbrerua erantzi gabe jaten zuen. Inon ikusirik nuelako susmoa egin zitzaidan. Ez zen posible, ordea. Zerbait esateko beharra nuen. Mahaien txikien arabera juzgatzera, Parisen metro koadroak izugarri garesti egon behar duela esatekotan egon nintzen. Jendea Lautrecek ikusten zuen moldean ikusten hasia nintzela esatea gehiegizkoa iruditu zitzaidan, baina solasean ekin behar nuen. Geroago eta geure karikaturago gara, esan nion Margoti. Ez nekien oso ongi zer esan nahi zuen, baina dotore gelditzen zen esaldia, inon irakurria, entzuna edo ikusia banuen [18]. Ordurako banekien Margotek zinezko pasioaz maite zuela Lautrecen pintura, eta susmatzen hasia nintzen pinturazale arrunt batek baino hagitzez gehiago bazekiela Albiko pintorearen bizitzaz eta obraz; gizarteak horrelakotzat hartua izan, edo ez, benetako aditua zela. Ez nion datuari zeukan garrantzia eman.. Une hartan gutxietsi egin nuen pixka bat. Ironiko, inmune eta mundutar agertzeko asmo txoroak galdu ninduen. Konturatua behar nuen, are eta gehiago horretarako datuak banituelako, Margot ez zela mozoloa, ez zela edozein. Isildu behar izan nuen, baina, hori egin beharrean, mintzatu egin nintzen, baldarkerian sakondu nuen, barregarri gelditu nintzen: lekzioa ematen hasi nintzen. Nori eta irakasleari! Ergel handiuste halakoa! Honela ekin nion: karikatura hitza italieratik dator, ritrati carichi izenekoek eman zieten izena. Ritrati carichi hauek Carracci margolari-familiaren espezialitateetako bat zen, jolas moduan praktikatzen zutena. Carraccitarrak XVI-XVII. mendeko margolariak izan ziren.

        Filippo Baldinuccik, XVII. mendeko kritikari handiak, honela definitzen du karikatura: erretratuak egiteko modua, erretratatzen den pertsonaren antzik handiena eduki nahi dutenak, nahiz eta, dela irri egiteko, dela trufatzeko, kopiatzen dituzten aurpegi eta irudien akatsak handiagotu eta desitxuratu, halako moldez non elementu-multzoak modeloa gogorarazten baitu, elementuak aldatuta dauden arren. Hortik atera kontuak noraino egin behar dugun atzera denboran helburu satirikoa duten hazpegien edo gorpuzkeraren desitxuraketa margotu hauen historia egiteko. Hori, nolabait esan, karikatura garaikideari dagokionez —segitu nuen, erroen sakonaren norainokoa azpimarratu nahiz, eta, hala edo nola, Carracci horien erabateko orijinaltasuna ukatzearren—. Aurretik ere, Egipton, Grezian eta Erroman erabilia izan zela kontu jakina baita.

        Geroago eta geure karikaturago gara, bai, erantzun zidan Margotek, espresio misteriotsuz. Sonbrerua erantzi gabe jaten zuen gizonari begira zegoela zin egingo nukeen. Begira, badirudi mirail handiaren ondoko mahaia libratu dela. Esan behar dut Margot Toulouse aldekoa zela, Parisen bizi zen arren. Nekazari edo meatzari baten alaba izan zitekeen, eta hala ere hiritar airos zen, bi zirkunstantzia horietan egon zitekeen kontraesana berezkotasun osoz bilduz. Higuina ohi diegu frantsesei, eta ez ditugu haien kulturaren lorpenak behar bezala baloratzen. Margot itxoiten ari zen taburete baten gainean eseririk, eta lokal hori Margot Lasalle bertan itxoin zezan egin izan balute bezala zen, eta Margot Lasalle lokal hark, dudarik gabe, behar zuen itxoiten ari den neska izateko jaio izan balitz bezala. Nik tratatu ohi dudan bezalako emakumea izan balitz, kezkatuta zegokeen gona ez zitzaiolako jakari ongi egokitzen, edo kexatuko zatekeen mahaiak txikiegiak zirelako, edo zotz bat nuelako hortz artean, edo jatetxe makrobiotiko batera joan ez ginelako, edo mahai gainera igoko zatekeen bezeriari, Frantziari, munduari aldarrikatzeko nahikoa dela baleak akabatzeaz, edo ttu egingo zukeen zopa-ontzian, edo berak ogitartekoa afaltzea, edota erregimenaren aitzakian batere ez afaltzea zuela nahiago esango. Horrelako kalamidadeak erruz eta azkar bururatzen zitzaizkidan heinean, umore txarrean jartzen hasi nintzen. Margoti begiratu nion berriz ere, ostia txarra uxatzeko. Zin egingo nukeen, berriz ere, sonbrerudunari begiratzen ziola, eta honek soakoa itzultzen ziola. Orduan konturatu nintzen. Sonbreruduna Liburutegi Nazionalean ikusia nuen. Berriro sentitu nuen zerbait esateko beharra.

        Lautrecen ikuspegi karikatureskoa oso ezaguna da, ekin nion. Karikaturaren zabaltzea, noski, indar kultural eta ekonomikoen harreman berezi eta jakin batean gauzatu zen. Kontuan hartu behar da prentsaren zabalkundea eta garapen teknikoa hagitz inportantea dela, Lautrecen garaian: 1870ean Parisko egunkariek milioi bat ale saltzen zuten; berrogei urte geroago, bost aldiz gehiago. Teknologia berrien garapena litzateke bigarren faktorea: erreprodukzio-teknika berriek ilustrazioen kalitatea hobetu eta prezioa merkeagotu egin zuten. Hori guztia gutxi balitz, Hirugarren Errepublikak zentsura arinagotu zuen. Hiru eragile horien ondorioz, karikaturak, Frantzian, XIX. mendean zehar, halako eztanda, gehiagotze, leherketa eduki zuen. Ezagutzen duzu Richard Thomsonen lana? Horrek berak ezin hobeki azaltzen du gorabehera hau guztia [19]. Hainbestekoa izan zen leherketa ezen Baudelaire bezalako batek, eta estetika-kritikaria den aldetik, bi artikulu eskaini baitzizkien karikatura-egileei Curiosidades estéticas delako artikulu eta saiakera-bilduma hartan. Karikaturak maiz izaten direla bizitzaren mirailik fidelenak, horixe dio. Karikatura-egileei errepaso galanta ematen die: Vernet ez dago gaizki, Pigal leunagoa da, baina ona; biak, beti ere, irudimen laburrekoak. Charleti, publikoaren gustukoa izanagatik, egurra ematen dio galanki. Daumier gailurra da. Kasik «baina» bat baizik ez dio paratzen: «Marrazkien oinean idazten dituen esaldiak ez dira oso onak, baina gehienetan marrazkiek ez dute hitzaren laguntzaren beharrik». Halako dohaina edukita, zer garrantzi du testua txarra izateak? Gavarni da Daumierrekin konpara daitekeen bakarra, baina Daumier artistagoa da. Daumier «arte modernoaren gizonik inportanteenetakoa» jotzen du [20]. Mundu guztia ados dago Daumier-Lautrec zuzenean lotzen dituen hari ikusezina badela esatean. Hortaz, hor dago guztia: karikaturaren pizkundearen arrazoiak, eraginak eta, beste ezeren falta baldin bazen, maisua. Hortik aurrera, Henri Toulouse-Lautrecen behaketarako dohaina, ikusizko oroimen izugarriak egingo luke gainerakoa.

        Margotek eskutik heldu zidan eta zerbitzariak seinalatzen zuen mahaira eraman. Laztana zelakoan —espero ez nuen laztana—, ez nintzen ohartu labirintuan gidatzeko keinua zela. Afaria eskatu genuen. Nire analisiak txunditua behar zuen, noski. Baina, egia esan, ez zirudien oso txunditua. Aitzitik, halako onespen orokor eta ez oso inpresionatua adierazten zuen keinuaz epaitu zuen nik liburuetan ikusiarekin josi nuen diskurtsua. Ez dago gaizki, esan nahi bide zuen, zuzena da, baina ez bikaina; nik zuk baino liburu gehiago irakurri ditut, gehiago sakondu dut, nire baitako hausnarketa eta emozioa ere gaineratu ditut. Jarrera horrek tokitik atera ninduen apurtxo bat. Irakaslea izanik ere, harro samarra ez al zen neskatoa?

        Lautrecen behaketarako dohaina eta ikusizko oroimena, errepikatu zuen. Hor dago koska. Ez nago konforme.

        Horixe besterik ez nuen behar. Lautrecen dohain horiek dira kritikari guztiek, ehun urte eta gero, aho batez onartzen dituzten bakarrak. Ezertan ez daude erabat konforme, eta arau horrek salbuespen bakarra dauka. Behaketa eta ikusizko oroimenarena. Hala jakinarazi nion Margoti, halako aitakeria ezin ezkutatuzkoarekin. Pixontzitik kanpo ari haiz, panpina. Hitzak ez ziren horiek izan, baina hitzen asmoa bai.

        Margotek kattagorri bat bailitzan jaten zuen. Ausiki txikiak eginez, beste zerbaitetan pentsatzen ari balitz bezala. Behin mokadua aukeratu eta ausiki egin, janariari edo afalkideari begiratu gabe, begirada urrun hegaldatuz. Nire jarrera ergelaren erantzuna izatea litekeena zen.

        Entzun duzu sekula Rodolphe Töpffer Genevako marrazkilariaren izena?, galdetu zidan. Ezetz aitortu behar izan nuen, gogo txarrez. Töp-ffer honek fisionomiari buruzko orritxo bat argitaratu zuen 1845ean. Berau margolari baten semea zen, baina arazoak zituen ikusmenean, eta horrek bideratu zuen literaturarantz. Hala ere, marrazten segitu zuen. Gauza xumeak egiten zituen, litografiak-eta. Amerikanoek nahi dutena esatea daukate: komikiaren lehen aitzindari garbia bera da. Fisionomiari buruzko orritxo hartan Töpfferrek deskubrimendu oinarrizko baten berri ematen du: garatzen ahal da hizkera piktoriko bat naturari begiratu gabe, naturatik kopiatu gabe. Bada naturatik guztiz autonomoa den margozko mundu bat. Ulertzen duzu? [21] Baudelairek berak, zuk hainbestetan aipatu duzun Baudelairek berak ere antzeko zerbait intuitu zuen karikaturistei buruz ari delarik, «jerga plastikoaz» ari denean. Töpffer aipatzea, bestalde, ezin egokiago da, Lautrecek bere lana ezagutu zuelako [22]; hamasei urte zituenean eta Celeyran osabaren lurretan zegoelarik, 48 orriko koaderno bat marrazkiz bete zuen, bere osabaren mahastietan filoxeraren kontra egiten ari ziren tratamendua deskribatzeko. Töpfferren marrazkiak ez ezik, litekeena da marrazkilari honen Essai de physiognomonie ere ezagutzea.

        Nire babo-aurpegiak nahikoa garbi adierazi behar zuenez, ez nintzen esaten ari zitzaidan horren ustezko garrantziaz batere ohartzen ari; beste modu batez saiatu zen.

        — Begira, demagun badugula urteak eta urteak inor ikusi gabe pasatu dituen preso bat, eta delako horrek, egun batez, pertsona baten aurpegia marrazten duela orri baten gainean, arkatzez. Demagun egin duen proto-karikatura hori pentsa daitekeen itsusien eta zakarrena dela. Hala izanagatik ere, egin duen zirriborro horrek bere espresioa edukiko du, bere nortasuna, karakterra, izaera. Hortik aurrera, pixka bat aritzen bada, konturatuko da agian begiak sudurretik apurtxo bat aldenduz bere aurpegitxoak beste espresio bat adieraziko duela, lehengoa baino intelijenteagoa, edo tristeagoa, edo alaiagoa. Arkatzarekin ari eta ari baldin bada, luze gabe ikusiko du nahi dituen tasunen jabe den fikziozko pertsonaia sor dezakeela modu horretan, eta, apur bat geroago, horretarako nahikoa trebezia badu, irudizko mundu oso bat. Mundu horren ezaugarririk funtsezkoena asmatua izatea da. Hau da, ez da naturaren kopia bat, autonomoa da naturarekiko. Ez da existitzen den ezeren kopia, bere legeak dituen mundua da; eta preso imajinatu dugun marrazkilari hori da mundu horretako legeak ezartzen dituena, ez natura. Sortu duen mundua sinesgarri eta osoa izango da, batzuetan egiazko munduak berak baino egiazkoago, arimadunagoa emango du. Orduan, zertarako ikusten dudana ikusten dudan bezala margotzen ibili, inpresionistek aldarrikatzen zuten bezala? Hauxe da Töpfferrek, edo, nahiago bada, XIX. mendeko karikaturistek deskubritu zutena.

        Ardoa kontrako eztarritik joan zitzaidan. Eztula egin nuen eta ipurdia jesarleku gainean mugitu, jarrera erosoagoaren bila. Margotek segitu zuen nire gorputzeko miseriei arreta jarri gabe. Sonbrerudunak agur herabe eta diskretua egin zion Margoti. Afaria ordaintzen ari zen eta alde egiteko prest zegoela zirudien. Nor da?, jakin nahi izan nuen. Margoten erdeinua eta nazka begi-bistakoak ziren. Ez da inor, esan zuen. Ondoren lehengo hariari lotu zitzaion:

        — Alegia, deskubritu zutena, Gombrichen hitzetan esateko, hauxe da: gauza bat dela antzekotasuna, eta beste bat baliokidetasuna. Eta askotan, gehienetan ez esateagatik, fisionomia-kontuak gehiago erabakitzen direla bigarrenaren bidez, hau da, baliokidetasunaren bidez, lehenengoaren (antzekotasunaren) bidez baino. Esate batera, adiskide baten argazki txarra ikusten dugunean, gaizki atera zara, esaten diogunean, zer esaten ari gara? Argazki-makinak ez dituela gauzak diren-direnetan atera? Ez noski. Hor ez dago antzekotasun-arazorik. Badakigu argazki-makinak ez duela gezurrik esaten. Gure laguna, hala badago, une hartan hala zegoelako da. Esaten ari garena da bere aurpegiko elementuek, argazki-makinak atxilotu zituen unean, ez zutela osatzen bere adierazpenik karakteristiko, polit edo ezagunena. Karikaturak ez du horrelako problemarik. Beti asmatzen du dianaren erdian. Antzekotasuna gutxienekoa da. Balio duena da karikaturak errealitatea egoki ordezkatzea, errealitatearen baliokide izatea. Irudi artistikoaren eta errealitatearen arteko baliokidetasunean, ez antzekotasunean, datza asuntoaren grazia guztia. Gombrichen arabera, gainera, hau ez da bakarrik karikaturaren arrakastaren gakoa, baizik eta artean, arte guztian, garapena eta aurrerapena sortzen duen mekanismo unibertsala; «artea edertasunaren nemoteknika da», Baudelairek esaten zuen bezala esateko; baina hori beste kontu bat da.

        Sonbreruduna bazihoan, eta gure aldamenetik pasatuz harrapatu zuen atea. Gure parera iritsirik burua jaitsi zuen amiñi bat, agur moduan, irriño burlatia egiten zuenarekin batera. Liburutegi Nazionalean ikusi dut, jakinarazi nion Margoti; ez dakit seguru, nire paranoia izatea ere litekeena da, baina iruditu zitzaidan zer material ibiltzen nuen jakiteko minez zegoela. Benetan ari zara? Bien sûr, bai horixe. Egia zena zen halakorik bazegokeenik iruditu zitzaidala behin, baina ez nuen inolako segurtasunik, are gutxiago frogarik. Baina garbi gelditu zen nire baieztapenak larritu, zapuztu zuela Margot.

        Guk ere luze gabe bukatu genuen afaria. Oraindik ez da ikasgaia bukatu, jakinarazi zidan Margotek. Ba al duzu segitzeko umorerik? Bai, baldin eta armagnac ona ematen duten tabernetara eramaten banauzu. Eskola nazazu, darling. Baina esaidazu nor zen sonbreruduna. Nazkagarri bat, putakume bat. Aspaldi ezagutzen dugu. Arte-negozioetan ibili ohi da, baina Poliziarekin kolaboratzen du.

 

        [18] Joseba Sarrionandia: Hitzen ondoeza. Txalaparta, 1997.

        [19] Ikus Toulouse-Lautrec liburuan (Julio Ollero Editor) Ilustración, caricatura y tipos izenburuko artikulua.

        [20] Charles Baudelaire: Algunos caricaturistas franceses.

        [21] Margotek egiten duen gogoetaren oinarria zein den jakiteko, ikus Ernst Gombrich: El experimento de la caricatura, in Arte e ilusión. Gustavo Gili, Barcelona, 1979.

        [22] Ikus Anne Roqueberten artikulua Toulouse-Lautrec liburuan (Julio Ollero Editor).